Arrastariako bailara osatzen duten Tertanga, Artomaña, Delika eta Aloria herrietako bizilagunek Urduñako kaleak hartu dituzte gaur goizean. Mendeetako tradizioa mantenduz, lau herrietako auzokideek erromesaldia egin dute Antzinako Andra Mariaren Santutegiraino.
Euri zaparradak eta giro umelak ez ditu Arrastariako herritarren animoak baretu, eta meza bukatu bezain laster dozenaka lagun batu dira tradizioaren erdigune diren entradillak dantzatzeko.
Urduñako alkatearekin aginte makilak trukatuz eman diote segida protokoloari. Hiriaren eta Arrastariako bailararen arteko senidetza ekitaldiari amaiera emateko hitzartzea egin dute Amurrio, Urduña eta Aloriako alkateek, Burgos eta Kale Barria kaleen arteko bidegurutzeko balkoi batetik.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte