Jose Gomez Narvaez, Aquilino Flores Bautista, Manuel Vivas Fernandez, Antonio Bootello Negrete, Zoilo Villar Toledo eta Jose Pozo Garcia. Sei izen berri gehitu dituzte Urduñako espetxe frankistan hildako biktima identifikatuen zerrendari.
Aste hasieran eman du Gogora Institutuak identifikazio genetikoen berri. Hain zuzen ere, biktimen senideen emandako DNA laginak giltzarri izan dira 2022 eta 2024 urteetan berreskuratutako gorpuzkiei izen eta abizenak jartzeko.
Aranzadi Zientzia Elkarteak 2014 urtean abiatutako deshobiratze lanek Urduñako 1939 eta 1941 urteen artean Urduñako espetxe frankistan hildako 93 presoren gorpuak berreskuratzea lortu dute, eta honezkero hamazazpi dira genetikoki identifikatutako biktimak.
Extremaduran senide bila
Datozen egunetan Gogora Institutuko talde batek Badajoz eta Malagara joko du identifikatutako sei gorpuzkietako lau senideen esku uzteko. Hezurrak ekitaldi pribatuetan emango dizkiete, familiek hala eskatuta. Bertan izango dira ere María Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua eta Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendaria.
San Josek eta Alonsok Extremadurako Gobernu-Ordezkaritzako eta Caceres eta Badajozeko aldundietako memoria historikoaren eta demokratikoaren arloko arduradunekin biltzeko baliatuko dute bidaia, "identifikazio genetiko berriak ahalbidetuko dituzten lankidetza-moduak aztertu eta bultzatzeko".
Izan ere, DNA laginak biltzearen garrantzia azpimarratu du Gogora Institutuak deshobiratutako biktimen identifikazioa gauzatu ahal izateko. Bilaketa horretan Badajoz probintzian jarri nahi ditu ahaleginak Gogora Institutuak. Urduñako kontzentrazio-esparru eta espetxean hildako 225 presoen erdia baino gehiago Extremadurakoak ziren; 125 Badajozekoak eta bi Caceresekoak.
"Identifikazio genetikoa posible izan dadin, beharrezkoa da hildakoen ondorengoen DNA laginak hezurretatik ateratako laginekin alderatzea. Familiako lagin horiek aukera ematen dute Gogoraren DNA Bankua handitzeko eta identifikatzeko probabilitatea handitzeko; izan ere, askotan, bizirik dagoen senidearen lagin bat baino gehiago eman behar izaten da identifikazioa amaitzeko", aldarrikatu du Gogora Institutuak.
