Daniel Monzon zuzendariak ekainaren 23an ekingo dio Ruega por nosotras pelikula grabatzeari. Hedabideetan zabaldu dutenez, Urduñan eta Bilbon arituko dira. Zehazki, Andra Mariako Konpainiako Eskola baliatuko dute, 2003tik erabiltzen ez dena.
Eraikin horren hautaketa ez da ausazkoa. Izan ere, istorioa izen bereko eleberrian oinarrituta dago eta Frankismoan existitzen ziren zentroetan girotuta dago. Elizen ordenen esku zeuden erreformatorio horiek nazional-katolizismoaren balioen arabera hezten zituzten 25 urte azpiko emakumeak (diktaduran adin hori bete arte ziren emakumeak adingabeak).
Jatorrizko eleberriak kartzela gisa deskribatzen ditu zentro horiek, zeinetan emakumezko txiro, errebelde, bortxatuak edo buru osasun arazoak zituzten gazteak sartzen zituzten.
Monzonek hainbat film egin ditu, baina ezagunena, dudarik gabe, Celda 211 izan zen. Horrekin zortzi Goya sari eskuratu zituen, eta Las leyes de la fronterarekin, aldiz, beste bost.
Ikiru Films da proiektuaren atzean dagoen ekoiztetxea eta RTVEko 990.000 euroko dirulaguntza jaso dute.
Castinga gaur
Gaur goizean eta arratsaldean Alondegian castinga deitu dute filmerako figuranteak bilatzeko. 10:00etatik 13:30ak arte egongo dira goizez eta 16:30etik 20:00ak arte arratsaldez.
Grabaketak ekainean eta abuztuan izango dira eta hautatua izanez gero, ordainduzkoak.
Berez, 16 eta 18 urte bitarteko emakume gazteen bila ari dira eta, XX. mendean girotuta egongo denez, ezin dute orrazkera bereziki modernoak, tatuajeak edo piercingak izan.
Aipatu beharra dago duela astebete beste castinga bat egin zutela Urduñan, El niño pelikularako.