NEL SANTACRUZ

“Euskal Herrian bizi naizenetik euskara nire bizitzaren parte da. Euskaldun berrion esfortzua eta ausardia aldarrikatu nahi dut”

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 15a

Aiaraldeko Hamaikakoa osatzen du Nel Santacruz urduñarrak. / Aiaraldea.eus

Euskaraldiaren enbaxadore da NEL SANTACRUZ urduñarra, Aiaraldeko Hamaikakoaren parte. Euskaldun-berria da Nel, eta Kantabriatik Urduñara bizitzera etorri zenetik euskara bere bizitzan erabat barneratu du.

Zer da Euskaraldia zuretzat?

Euskaraz bizitzea posible dela esperimentatzeko aukera bat.

Nola parte hartuko duzu bertan?

Belarripresteko txapa eramango dut eta horretaz aparte, euskara eguneroko harremanetan gehiago erabiltzen saiatuko naiz. Euskaraldiaren orri-markatzailean agertzen diren erronkak ere oso dibertigarriak iruditzen zaizkit.

Euskaldun berri bezala ahalduntzeko aukera ere ikusten dut Euskaraldia. Ni euskaldun berria naiz eta askotan bai inertziagatik bai beldurragatik euskara erabiltzeko aukerak galtzen ditut. Euskaraldiak sortzen du esparru paregabea euskara konplexurik gabe praktikatzeko eta euskararen komunitatearen parte sentitzeko.

Zure inguruko hizkuntza ohituretan eragina izango duela uste duzu?

Bai, argi eta garbi. Hamaika egunetan gauza asko aldatu ahal dira, eta batzuk geratzeko helduko dira. Batzuetan kontzientzia hartu baino ez dugu behar eta horretarako Euskaraldiak bide berriak zabaltzen ditu. Adibidez: beti gazteleraz hitz egin duzun lagun batekin euskaraz mintzatzeko uneak bila ditzakezu edo ikasten ari den norbaiti laguntzeko aukera sor daiteke. Txapekin jendea ikusteak konplizitate berriak sortzen ditu eta normalean hain handiak iruditzen diren oztopoak (lotsa, zalantzak, aurreiritziak...) desagertzen dira.

Lanean ikusi nuen Euskaraldiaren beste edizioetan: normalean ezezagun bati zuzentzen diodanean, gaztelerara pasatzen den jendeak, txapa ikusita, euskaraz jarraitzen du.
Gainera, zerbait magikoa ere badauka Euskaraldiak: intentzioaren eta komunitatearen boterea. Asko gara euskara maite dugun jendea eta sinkronia hori sentitzen da giroan, oso hunkigarria da. Emozioaren bideetatik ere aldaketa handiak gauzatzen dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide