Ostiralean bi familien ebakuazioa ekarri zuen eraikinak ez du luze iraungo. Izan ere, erortzear dagoen etxea eraisteko makinak eraman dituzte jadanik Kale Barrira. Asmoa da ahalik eta lasterren ekitea lanari.
Edonola ere, Udalak azpimarratu du eraisketa osoa ez dela berehala izango. Eraikinaren egoera prekarioa da eta, ondorioz, ezingo dute dena aldi bakarrean bota. Horrez ordez, zatika desmontatu beharko dute segurtasuna bermatzeko eta ezustekoak gertatzeko aukerak ahalik eta gehien murrizteko.
Berez, ostiralean piztu zuen alarma higiezinak, zati bat erori eta burrunba eragin ostean. Suhiltzaileek eta larrialdi zerbitzuek erabaki zuten alboetan bizi diren familiak ateratzea eta kanpoan egin zuten lo gau horretan.
Aurreko egunean alkateak eta udal arkitektoak bisitatu zuten tokia eta erabaki zuten eraitsi behar zela.