Herritarren parte hartzea eskatu dute genero berdintasunaren Urduñako egoera aztertzeko

Txabi Alvarado Bañares 2025eko uztailaren 8a

Iragan martxoaren 8an Urduñan eginiko elkarretaratzearen irudia. / Aiaraldea.eus

Galdetegi bat jarri dute bizilagunen eskura, hemen erantzun daitekeena.

Zer faktorek dute eragina emakumeek jarduera politiko eta sozialen lidergoan duten parte-hartzean? Zer motatako neurriek susta dezakete emakumeek eremu horietan parte-hartze handiagoa izatea? Ba al dago oztopo sozial, ekonomiko edo kulturalik emakumeek udalerrian lidergo-rolak izatea mugatzen duenik?

Galdera horiei eta beste hainbati erantzun nahi die Urduñako Udalak berriki abiatu duen hiriko genero berdintasunaren egoerari buruzko azterlanarekin. Galdetegi bat sortu dute horretarako, eta bizilagun guztiei luzatu diete erantzuteko gonbita. 

Azaldu dutenez, Urduñako “genero-desberdintasunak” identifikatzea dute xede, “berdintasun eraginkorra sustatzeko gomendio espezifikoak proposatzeko”. Izan ere, nabarmendu dutenez, “hainbat alderditan” agertu daitezke genero-desberdintasunak, “hala nola, bizitza politikoan eta sozialean parte hartzean, baliabideak eta aukerak eskuratzean, denbora lanaren eta zaintzaren artean banatzean, eta emakumeek lidergo-roletan parte hartzean”.

Bide horretan, Udalak uste du “funtsezkoa” dela herritarren parte hartzea, horrek ahalbidetuko duelako “egoeraren ikuspegi osatuagoa” lortzea eta “erabaki informatuagoak” hartzea, “genero berdintasuna sustatzen duten politika publikoak diseinatzeko”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide