Daniel Monzon zinemagileak aste ugari daramatza Urduñan Ruega por nosotras filmaren hainbat eszena grabatzen. Azken egunetan hainbat trafiko mozketa egin dituzte Foru plazaren inguruetan, bertan ari baitira lanean.
Asteartean bizi izan zen grabaketa unerik ikusgarrienetako bat, Gabonetako giroa eraman baitzuten Foru plazara, elur artifiziala eta apaingarriak baliatuta.
Andra Mariako Konpainiako Eskola da filmaren epizentroa. Frankismo garaiko emakumeentzako erreformatorio bat irudikatu dute bertan, zentro horietako bizimodua kontatzen baitu pelikulak.
Zinemagile entzutetsua da Daniel Mozon. Zortzi Goya eskuratu zituen Celda 211 filmagatik eta beste bost, aldiz, Las leyes de la frontera lanarekin.
Ikus-entzunezko lan andanaren plato bilakatu da Urduña azken urteetan, hiriak duen erakargarritasuna eta Aldundiak ezarritako hobari fiskalak medio. Hain zuzen, foru erakundeak ekainean iragarri zuen zinema estudioa eraikiko duela hirian.