ANALISIA

Igerilekuetan kaka egitea: erronka birala edo hedabideen denborapasa?

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 17a

Laudioko umeen igerilekuak itxita, artxibo irudi batean.

Zenbait hedabidek zabaldu dute Urduñako igerilekuen osasun eta garbitasun egoera kaltetu duten ekintzak erronka biral batekin daudela lotuta baina, momentuz, ez dute frogarik aurkeztu.

Urduñako Udalak aste honetan eskatu die herritarrei ahalik eta arreta gehien jartzeko udal igerilekuetan, berriro garbitzeko beharra agertuz gero, 24 edo 48 orduz itxi beharko baitituzte.

Berez, azalpenaren atzean dagoena zera da, ekainaren erdialdetik hona zortzi aldiz agertu direla gorotzak igerilekuetan. Aiaraldea Komunikabideak ziurtatu ahal izan duenez, hiru kasu gutxienez erabiltzaileen istripuen ondorioz izan dira. Ume batek gainean kaka egin zuen gainean nahigabe bi aldiz eta behar bereziko erabiltzaile bati ere gauza bera gertatu zitzaion.

Erronka birala?

Hala eta guztiz ere, zenbait hedabidek gertakari horiek lotu dituzte ustezko erronka biral batekin. Komunikabideek ez dute azaldu zertan datzan erronka berez, baina azken urteetako albisteak arakatuta, soilik toki batean identifikatu zuten horrelako profil bat.

Zehazki, Extremadurako Miajadas herrian izan zen 2023an, non Udaltzaingoak ikertu zuen sare sozialetan zegoen profil bat. Bere jabeak eskaintzen zuen herriko igerilekuetan kaka egitea jarraitzaile kopurua handituz gero: 100 jarraitzaileekin zelaian, 1.000 jarraitzaileekin beste toki batean...

Zehazki, Extremadurako Miajadas herrian izan zen 2023an, non Udaltzaingoak ikertu zuen sare sozialetan zegoen profil bat. Bere jabeak eskaintzen zuen herriko igerilekuetan kaka egitea jarraitzaile kopurua handituz gero.

Hori da, berez, ofizialki Aiaraldea Komunikabideak aurkitu duen ikerketa bakarra. Hortik harago, espekulazioa izan da nagusi Valentzian, Extremaduran eta orain, Bizkaian, Urduña eta Sopelako gertakariak horrekin lotu baitituzte aparteko frogarik gabe.

Aiaraldea Komunikabidea atzo jarri zen harremanetan Urduñako Udalarekin eta bertako ordezkari batek uko egin zion hedabideen teoriak baloratzeari.

Udako gaiak

Froga gehiago aurkeztu ezean, badirudi igerilekuena izan daitekela aurtengo gai udatiarra. Printzipioz, horrelako albisteek betetzen dute udako etenaldiaren hutsunea, baina, tamalez, hutsune horrek beti dauka sentsazionalismo kutsu bat, zeinak gizartearen emozioak nahastu eta mobilizatzen dituen.

Ustez igerilekuetan kaka egiten duten gazteen istorioak hiru osagai ditu: gazteak (gizarteko parte arrotza izango balira bezala), sare sozialak eta, nola ez, gorotzak.

Aurtengo beste gai udatiarra, tamalez, arrazismo eta xenofobiarena da, Torre Pachecon gertatutakoa ikusita, iaz Erresuma Batuan jazo zen bezala.

Beste urte batzuetan sumisio kimikoa lortzeko ziztadak izan ziren. Ofizialki ez da egon zigorturik horrelako ekintzarik gauzatzeagatik, baina hedabideen jarduerak psikosia sustatu zuen emakumeen eta erakundeen artean. Alarmaren funtsa guztiz erreala zen, sumisio kimikoa emakumezkoen kontrako sexu erasoak egiteko errealitate gordina baita, baina zaila da ziztadaren eredua baliatuta egitea (gutxienez bizpahiru segundo beharrezkoak dira substantzia gorputzean txertatzeko, eta biktimak ez luke erresistentziarik egin behar). Zoritxarrez, askoz errazagoa da edalontzi batean drogaren bat botatzea, esaterako. Hala eta guztiz ere, hedabideek gai hori zabaldu zuten emakumeen gainean mehatxua jarrita.

Udako gaia izan ez zen arren, antzekotasunen bat izateagatik interesgarria da aipatzea "Bale urdinaren erronka". Komunikabideek asko astindu zuten horren mamua. Teorian, Errusian sortutako Internet bidezko erronka zen nerabeentzat eta jokoaren amaiera zen jokalariaren beraren suizidioa.

Interesgarria da aipatzea "Bale urdinaren erronka". Komunikabideek asko astindu zuten horren mamua. Teorian, Errusian sortutako Internet bidezko erronka zen nerabeentzat eta jokoaren amaiera zen jokalariaren beraren suizidioa.

Kasu horrek ere beldurra piztu zuen gurasoen artean, baina urteak pasa eta gero, poliziaren eta hainbat adituren ondorioa izan da inoiz ez zela horrelakorik existitu. Kazetari batek erreportaje bat egin zuen eta beste askok horren berri eman zuten. Fenomeno horren atzean bazegoen gizartean pil-pilean dagoen beste gai baten esplotazioa: gazte eta nerabeen buru osasuna.

Adibideak ikusita, kontraesankorra badirudi ere, igerilekuetako kakagileena izan daiteke gai udatiarrik aseptikoena, baina, hala ere, ez du esan nahi ez duela inolako aztarnarik utziko, psikosian eta beldurran oinarritzen baita, okupazioarekin, migrazioarekin edota beste gai batzuekin hedabide ugarik egiten duten moduan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide