Urduñako udal igerilekuak modu "negargarrian" kudeatzea leporatu dio EH Bilduk EAJri

Erredakzioa 2025eko uztailaren 29a

EH Bilduk salatu du maiz igerilekuen ura berde dagoela, eta adierazi dute argazki hau duela bi egun hartu zutela. / EH Bildu Urduña

Oposizioko taldeak kritika gogorrak egin dizkio EAJri igerileku publikoen kudeaketa dela medio. Osasun publikoa arriskuan jartzea, desinformazioa sortzea eta kontrol falta izatea leporatu dio udal gobernuari.

EH Bilduk prentsa oharra plazaratu du gogor kritikatzeko udal igerilekuen egoera. Koalizioak adierazi du EAJren kudeaketa "negargarria" izan dela eta "osasun publikoko arazo larria, desinformazioa eta kontrol falta" egon direla azpimarratu du.

Lehenik eta behin, oposizioko taldeak salatu du ura berde egon dela maiz kirol eta aisialdi azpiegituretan, algak ugaritu direlako. Horrez gain, EH Bilduk aipatu du: "Zenbaitetan, garbiketa-protokoloa ez da zorrotz bete, lanaldiaren amaieran ez baita mantentze-lanik egin, eta gehiegizko edukiera ere ez da behar bezala kontrolatu".

Halaber, koalizioak ziurtatu du baldosa mordoa apurtuta daudela eta erabiltzaile batzuk zauritu direla. Dutxa pare bat ere zenbait astez itxita daramatela kritikatu dute.

Azkenik, EH Bilduk adierazi du kezkatuta dagoela, uste baitu uraren analisia ez dela hiru aldiz egiten egunero, lizitazioak eta araudiak exijitzen duten moduan.

Uretan kaka eta trataera informatiboa

Udan hautsak harrotu duen gaia izan da gorotzen agerpena. EH Bilduk zehaztu du: "Igerilekuak itxita egon ziren ekainaren 29an eta 30ean, bai eta uztailaren 1ean, 6an eta 9an ere".

Edonola ere, koalizioa oso haserre agertu da kasu horien inguruan zabaldu den informazioaren inguruan. Izan ere, azaldu dute ez dela zortzi aldiz kaka agertu igerilekuetan eta ez du inolako erronka biralekin zerikusirik izan. "Gertakari horiek isolatuak eta istripuzkoak izan ziren; hain zuzen ere, haurtxo bati kakak bi aldiz ihes egin zion nahi gabe, beste haurtxo bati behin, eta behar bereziak dituen pertsona bati gauza bera gertatu zitzaion", zehaztu dute. 

Iker Santocildes alkateari leporatu diote irrati batean esatea “adarra jo nahi duen norbaitek eraginda” izan dela arazoa eta gaineratu dute horrekin "Urduñaren irudia kaltetu" dutela, "gazteak inplizituki estigmatizatu" dituztela, erronka birala gazteekin lotzen delako, eta "arreta desbideratzen lagundu" dutela, "mantentze- eta kudeaketa-arazo errealetatik urruntzeko".

Udala erantzule

EH Bilduk errepikatu duen beste mezu bat izan da arazoen erantzulea ez direla sorosleak, erabiltzaileak edota familiak, baizik eta EAJren udal gobernu taldea: "Mantentze-lanen ardura zerbitzua adjudikatu zaion enpresarena da, baina erantzukizun nagusia Udalarena da".

Igerilekuak "ia hutsik"

Azkenik, oposizioko taldeak aurpegiratu dio udal gobernu taldeari herritarrek konfiantza galdu dutela igerilekuen kudeaketan eta azkenaldian azpiegiturak "ia hutsik" egon direla. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide