ERREPORTAJEA

Musika tradizionala eta doinu berritzaileak fusionatuko ditu Urdufolkek, aurten urrian

Maider Ramirez Martin 2025eko irailaren 1a

Hamaika txokotako doinuak ekarri ditu urduñara Urdufolk jaialdiak. / Txemari Ortiz de Luna

Seiehun proposamenetik gora jaso dituzte antolatzaileek XVIII. edizio honetarako. Bartzelonako Maruja Limon taldea eta Antia Muiño bakarlari galiziarra arituko dira oholtzan, eta euskal musikarientzako lekua ere egongo da. 

Koroatze jaiekin batera heldu izan da urteotan Urdufolk jaialdia hirira, baina urriko lehen asteburura arte itxaron beharko dute aurten folk zaleek ordura mugitu baitute hitzordua. Urriaren 3an eta 4an, beraz, musika doinu ezberdinez gozatzeko aukera egongo da, bai egunez eta baita gauez ere. Dagoeneko tradizioa den bezala, Asturiaseko El Trasno gaiten bandak emango dio irekiera festibalari, hilaren 3an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan arituko baita kalejiran. 21:00etan estreinatuko da, ordea, Foru plazako eszenatokia Antia Muiñoiren kontzertuarekin. Antzinako galiziar kantutegia berritzen du Muíñok, doinu tradizionalak jazz eta pop musikarekin nahastean. Hau ez da izango Muíñok eskualdea zapaltzen duen lehen aldia, ordea, maiatzean Baiuca musikariarekin batera aritu baitzen Amurrioko Aiara Fest jaialdian.

Urdufolk jaialdiak urterik urte, eta geroz eta proposamen gehiago jasotzen dituzte bertan jo nahi duten taldeen eskutik

Galiziarraren ostean, euskal musikariek hartuko dute oholtza, Xabi Aburruzaga trikitilariak bere disko berria aurkezteko lehen geltoki gisa aukeratu baitu Urdufolk jaialdia. Eriz Perez eta Ruben Isasi musikari aiaraldearrek lagunduko dute Aburruzaga taula gainean.

Larunbatean, berriro aterako dira El Trasnoko gaiteroak hiriko kaleak girotzera, 13:30ean. Iluntzean, Belharra taldearen txanda izango da: “bluegrass” musika jotzen dute Donostiako eta Hendaiako musikariek, tartean, Urbil Artolak, Sorotan Beleko gitarra-jotzaileak. Joseba Urruela antolakuntzako kideak adierazi duenez, “lehenengo aldia izango da estilo honetako talde bat arituko dena Urdufolken”.

Aurtengo kartelburuak itxiko du jaialdia: Maruja Limon talde kataluniarrak. Sei neskez osatutako taldea nazioarteko biran murgilduta dago, eta antolakuntzatik nabarmendu dutenez “Afrikatik zuzenean etorriko dira Urduñara” flamenkoa, popa eta erritmo latinoak fusionatzera.

Erreferentzialtasuna irabazten ari da Urdufolk jaialdia urterik urte, eta geroz eta proposamen gehiago jasotzen dituzte bertan jo nahi duten taldeen eskutik, “aurten 600 baino gehiago” izan direla aitortu du Urruelak. Betiko elementuak urteroko sorpresekin tartekatzen dituzte, hortaz, kartela atontzeko orduan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide