Hondakin bilketako legea betetzeko zergak igotzea errezena izatea leporatu dio Urduñako EH Bilduk Udal gobernu taldeari

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 19a

Urduñako EH Bilduk egotzi dio udal gobernu taldeari ez aztertzea beste aukerarik birziklapena bultzatzeko.

EH Bilduk organikoa eta kartoia birziklatzen dutenei hobariak eskaintzea proposatu zion EAJri, baina udal gobernu taldeak ez zuen onartu proposamena, oposizioak salatu duenez.

Urduñako EH Bildu oso kritiko agertu da Udalak ezarriko duen hondakin bilketaren zerbitzuaren %23ko garestitzearekin. Oposizioko taldeak gogoratu du azken urteetan jadanik %60ko igoera egon dela eta EAJk neurririk erosoena hartu duela bestelako aukerak aztertu gabe.

Izan ere, EH Bilduk bi iradokizun egin zituen esparru horretan:

  • Edukiontzi marroia erabiltzea, edo organikoa biltzen duen herritarrei tasaren bonifikazioa aplikatzea.
  • Kartoia atez ate batzeko izena emanda duen edozein lokal komertziali bonifikazioa ezartzea.

Legea aitzakia, EH Bildurentzat

Koalizioak desadostasuna agertu du udal gobernu taldeak baliatu duen argudioarekin zerbitzuaren kostua igotzeko: "7/2022 Legeak ez du zergak igotzera behartzen; hondakinen sorrera murriztera eta ekonomia zirkularrerantz aurrera egitera behartzen du".

Tasak igotzea, baina birziklapena sustatzea

Horrela, oposizioko taldeak ulertzen du zerbitzua garestitu behar dela ordaintzeko, baina azpimarratu du birziklatzea dela bidea gastua merketzeko. "Zenbat eta gutxiago birziklatu, orduan eta gastu handiagoa" sortzen da, EH Bilduren esanetan.

Halaber, Itziar Biguri bozeramaile duen taldeak aldarrikatu du EH Bilduren gobernuetan aitzindariak izan direla birziklapena sustatzeko orduan eta EAJk gobernatzen duenetik ez duela ezer egin: "Legealdi honetan ez dugu inolako neurririk ikusi birziklatzean aurrera egiteko, zergen igoera baino ez. Ez da egon inolako komunikazio-kanpainik, ezta aurrera-pausurik. Urduñan, aurreko legealdietan, aitzindariak izan gara neurri askotan; lehenak konpostagailuak jartzen, lehenak edukiontzi marroiak jartzen eta lehenengoak edukiontziak erabiltzeko etxebizitza guztiei txartelak banatzen. Saltokietan kartoia atez ate jasotzen lehenak. Baina, legealdi honetan, urratsik ez hondakinen arloan".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide