Duela ia bederatzi urte hil zen Ivan Fandiño toreatzaile urduñarra eta bere itzala luzea da hirian. Horren adibidea da maiatzaren 16an egingo duten zekorketa. Haren omenez egindako bosgarren memorialaren barruan izango da eta Udalak babestu du ekimena.
Berez, jarduera 18:30ean hasiko da eta zaldirik gabeko zekorketa izango da Manuel Dominguez eta Manuel Leonekin. Sarrerak 20 euro balio du aurretik eta Bar X tabernan, gasolindegian, Alondegian edota turismo bulegoan eros daiteke. Leihatilan eskuratuz gero, aldiz, 25 euroko prezioa izango du.
Beste hiru hitzordu gehiago osatuko dute omenaldi zikloa. Hurrengo zita Turtziozen izango da ekainaren 27an eta han Iñigo Norte eta David Cob izango dira protagonistak.
Urduña eta Turtziozeko ekitaldiak kanporaketak izango dira eta Bilboko Aste Nagusian egingo dituzte zezen plazan finalerdiak abuztuaren 24an eta finala, aldiz, 28an.
Gogoratu beharra dago Fandiño hiritar garrantzitsua izan dela. Esaterako, 2015ean Otxomaioetako pregoilaria izan zen eta 2017an Landetan larriki zauritu eta hil ondoren, urduñarrek jarduera ugari antolatu zituzten bere omenez.
Sinbolismoa
Antolatzaileek azaldu dutenez, memorialaren kartela Ivan Fandiñori lotutako ikonografiaz bete nahi izan dute eta horregatik irudi nagusia da urduñarra bera, 2012an Bilboko zezen plazan erabilitako jantziarekin, zeinak lauburuak zituen josita.
Ez da lehen aldia kartel batek Fandiño ardatz hartzen duela. Hil eta gutxira Bilboko Aste Nagusiko Zezenketa Orokorren kartelaren protagonista bilakatu zuten. Toreatzaile urduñarra azaltzen zen irudiaren erdian, atzean frontoi baten horma zuela, pilotaria izan baitzen Fandiño gaztetan.
Berez, gogoratu beharra dago Fandiño hiritar garrantzitsua izan dela. Esaterako, 2015ean Otxomaioetako pregoilaria izan zen eta 2017an Landetan larriki zauritu eta hil ondoren, urduñarrek jarduera ugari antolatu zituzten bere omenez. Solasaldiak, zezenketak eta pilota partidak ere egin zituzten, pilotari oso ona ere izan baitzen.
Eskualdeko herri gehiagok aitortu zuten Fandiñoren maila eta 2017ean bertan Orozkoko sanantolinetan Agur jauna abestia kantatu zuten zekorketan bera oroitzeko. Laudion ere berari buruzko argazki erakusketa antolatu zuen Mazzantini elkarteak.
2021ean hiriko herrigunean bere eskultura ere jarri zuten eta jende ugarik zein Santa Zezilia Bandak parte hartu zuten inaugurazioan.
2023an Jennifer Harispe argazkilariak Corazón y entrega liburua argitaratu zuen berari egindako 72 argazkirekin.