ERREPORTAJEA

Auzolanean eraikitako herri bazkari erraldoia

Erredakzioa 2026ko apirilaren 25a

Dozenaka lagun elkartzen dira auzolanean, Mugalde Elkartearen herri bazkaria antolatzeko. / Aiaraldea.eus

Mugalde Elkartearen Otxomaioetako herri bazkariaren 25. edizioa ospatuko dute datorren maiatzaren 16an. Auzolanean eraikitako ekimenak 500 lagun baino gehiago elkartzen ditu urtero Gernika Plazan.

Otxomaioetako ezinbesteko zita bilakatu da Mugalde Elkarteak antolaturiko herri bazkaria. Auzolanean eraikia, urtez urte Gernika Plaza lepo betetzen duen bazkaria da. 1999an  antolatu zuten lehendabizikoz, eta 2024an ospatu zuten ekimenaren 25. urteurrena. COVID-19aren pandemia tarteko, ordea, aurtengoa izango da 25. edizioa. Edizio borobila. Antolakuntzan murgilduta dira dagoeneko Izaskun Biguri eta Irune Azkarraga, Mugalde Elkarteko kideak.

Hastapenak 

Gernika Plazara estu lotua dagoen arren, Foru Plazan ospatu zituzten herri bazkariaren lehen hiru edizioak. “Nolabaiteko sinbiosia sortu zen ekimen herrikoi berria antolatzeko nahia genuen Mugalde Elkartearen eta herriko sukaldari kuadrilla baten artean”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Bigurik. 

Lehen unetik erabatekoa izan zen arrakasta. Lehenengo edizioan ia 200 lagun elkartu ziren. “Hasiera-hasieratik oso bazkari anitza izan da hau; adin eta kolore politiko guztietako herritarrak bildu izan gara, Urduñan bakarrik gerta zitekeen hau”, aldarrikatu dute elkarteko bi kideek.

Gernika Plazara jauzia

“Logistika” arrazoiek bultzatuta lekualdatu zuten herri bazkaria Foru Plazatik Gernika Plazara. “Euria egin zuen edizio batean, ohartu ginen Foru Plazako hastialak ez zirela aterpe egokia. Oso sakabanatuta daude, eta Gernika Plazan aurkitu genuen horretarako toki egokia”, azaldu du Azkarragak.

Ia berrehun lagunekin hasi zen herri bazkaria bostehun plateren langa gainditua zuen Gernika Plazara lekualdatu zirenerako. Ordutik, hori izan da bazkarian elkartu daitezkeen lagunen muga. “Kopurua ezin dugu gehiago handitu, ez gaitasunik ez dugulako, baizik eta Gernika Plazako aterpeetan jende gehiago sartzen ez delako”, nabarmendu dute antolatzaileek. Azken edizioetan gainera ondo aprobetxatu dituzte Gernika Plazako hastialak, euria eta ekaitzarekin kointziditu du bazkariak eta, baina giroa beti izan da beroa.

Menua

“Bereziki eskertu beharrean gaude sukaldariek hartzen duten lana”, azpimarratu dute Bigurik eta Azkarragak. Lehen platerra, bigarrena, postrea, ardoa, ogia eta bazkalosteko kopa aukeran. Edizio guztietan errepikatu dituzte patatak errioxar erara, bigarren platerak, ordea, aldaketa gehiago izan ditu: arkume saiheskiak, arkume gisatua, haragi gisatua…

Tokiko produktuak lehenesten dituztela azaldu dute antolatzaileek: haragia Urduñako abeltzainei erosten diete, patata arabarra, noski,  eta ardoa eta ogia ere hirian bertan erositakoak dira.

Auzolanean eraikia

Baina sukaldariekin bakarrik ezingo litzake neurri honetako bazkaririk antolatu. Guztira 50 lagun baino gehiago batzen dira auzolanera. Askok urtero-urtero errepikatzen dute, eta lanak ondo finkatuta dituzte. Irune Azkarragak uneoro besapean daraman koadernoan urratsez urrats ditu jasoak antolakuntzan kontuan hartu beharreko guztiak. Milimetrikoki neurtutako makineria da. Badira 200 patata kiloak zuritzeaz arduratzen direnak, ogia mozten dutenak, botilak zabaltzen dituztenak, mahaiak jartzen dituztenak, garbiketaz arduratzen den Fairy Komandoa… Bada 500 mahaikideak aulkietan ordenatzeaz arduratzen denik ere.

Gaur bertan jarriko dituzte salgai tiketak, eta azken urteetan bezala, egunean bertan agortuko direla dio Azkarragak: “Eguerdian jartzen ditugu salgai eta goizeko lehen ordutik dago ilara zain”.

Beste edizio arrakastatsu baten atarian da, beraz, Mugalde Elkartearen Otxomaioetako herri bazkaria. Eguraldi ona espero dute antolatzaileek, arkupeetatik atera eta Gernika Plaza alderik alde betetzeko. Edonola ere, eguzkitan zein euripean, auzolanaren su-epelean kozinatutako bazkari ederraz gozatuko dute berriro ere urduñarrek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide