Hiru eguneko jaiarekin ospatuko du Bihotza Konpartsak bere 25. urteurrena

Txabi Alvarado Bañares 2026ko apirilaren 27a

Hiriko erraldoi eta buruhandiak kudeatzeaz arduratzen da Bihotza Konpartsa. / Aiaraldea.eus

Maiatzaren 1, 2 eta 3an egingo dituzte jarduerak eta erraldoi eta buruhandien erakusketa ere atondu dute Alondegian.

25 urte igaro dira Urduñako gazte talde batek berriki zendutako Txomin Robinaren lekukoa hartu eta hiriko erraldoi eta buruhandien kudeaketa bere gain hartu zuzenetik. Hala sortu zen Bihotza Konpartsa, eta bilakaera oparoa izan du orain arte. Hiriko figura historikoak kudeatzen hasi ziren, baina laster ekin zioten berriak sortzeari.

“Erraldoi eta buruhandi berri guztiak Irungo Xabier Garate eskultoreak eraiki ditu, gaur egun jubilatua dagoena”, azaldu dute konpartsako kideek. Modu horretan iritsi dira gaur egungo formaziora: lau erraldoi eta zortzi buruhandi dituzte orotara, eta baita ‘Batibomba’ ezaguna ere, jaietako ikur esanguratsuenetako bat bilakatu dena, “haurren gogokoena”, Bihotzako kideen hitzetan.

"Oso positiboki" baloratu dute 25 urte hauek emandakoa. Etorkizunaz galdetuta, Bihotzako kideak lasai daude, belaunaldi aldaketa bermatuta dutela uste dutelako, elkartean adin ezberdinetako bazkideak baitaude.

Buruhandien erdia 1950. hamarkadan zeuden figura historikoen erreplikak dira. Beste laurak, aldiz, erabat berriak dira, hiriko pertsonaietan inspiratutakoak. Horien artean dago Txomin Robina bera irudikatzen duena, konpartsaren sorrera motibatu zuen pertsonaren omenez espresuki eginikoa.

Figura horiek guztiekin kalejirak egitean datza konpartsaren egiteko nagusia. Urduñako jai egun esanguratsuetan ateratzen dira, Otxomaioetan bereziki, baina kanpora ere joaten dira, erraldoi eta buruhandiak Euskal Herriko beste txoko batzuetan erakustera. Aurreratu dutenez, aurten Bermeon, Santutxun edota Barakaldon arituko dira besteak beste.

Baina ez dira kalejirak antolatzera mugatzen. Txosna jartzen dute Otxomaioetan, egitarau propioarekin, eta dagoeneko urte batzuk daramatzate Gabon zahar aurreratua antolatzen, urtea jai giroan agurtzeko.

Horregatik guztiagatik, konpartsako kideek “oso positiboki” baloratu dute mende laurden honek emandakoa, herritarrak ere egiten dituzten jarduerekin pozik daudela iritzita.

Hiru eguneko egitaraua

25 urteko ibilbidea ospatzeko, hiru eguneko egitaraua prestatu dute Bihotzako kideek. Maiatzaren 1ean hasiko dira zinema proiekzioarekin, gaueko bederatzietan Harresi barruko parkean. Biharamunean egun osoko egitaraua izango dute Foru plazan. Puzgarriak, umeentzako jolasak eta buruhandien irteera egingo dituzte goizean, bingoa eta parrillada arratsaldean eta Leticia Sabaterren eta Onda Futuraren emanaldiak, aldiz, gauean. Bukatzeko, erraldoien eta buruhandien kalejira egingo dute igande eguerdian, eta bazkaria egingo dute jarraian. Horrez gain, erraldoi eta buruhandien erakusketa ere atondu dute Alondegian, maiatzaren 17ra arte ikusgai egongo dena, lanegunetan, espazioaren ohiko ordutegian.

Belaunaldi aldaketa bermatuta

Etorkizunaz galdetuta, Bihotzako kideak lasai daude, belaunaldi aldaketa bermatuta dutela uste dutelako, elkartean adin ezberdinetako bazkideak baitaude. Zaletasuna, gainera, gora egin duela uste dute, COVID-19aren pandemiaren ostean batez ere, kalejiretara duela urte batzuk baino jende gehiago bertaratzen dela nabarmenduta.

Aurrera begira, orain arteko dinamikarekin jarraitzea da konpartsako kideen asmoa, baina ez dute buruhandi berriren bat egitea baztertzen, 2017an estreinatu baitzuten azkenengoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide