Otxomaioetako pregoilari izateko hautatua izan da Kristoren Eskola Santua. Eskolako kide bezala, nola hartu duzue gonbita?
Emilio Perez: Batzuei ilusioa egin die, beste batzuei ez horrenbeste. Eskolak ez du pausorik egin, imintziorik ere ez, horren alde. Bada guk baino gehiago merezi duenik. Eginkizun batzuk ditugu herrian, baina anonimatoan ibiltzeko txanoak ditugu guk. Gurea xedea ahalik eta modu apalenean eta alaienean egiteko gaude, inolako harrokeriarik gabe.
Juan Eduardo Iriondo: Holan erabaki dabe eta eskertzekoa da. Ez gugaitik, baizik eta 350 urte hauetan hemen egon dan jendeagatik. Aitortza da historian zehar Eskolatik pasa diran guztiei, baita Eskolaren inguruan laguntzen aritu diren horiei ere. Eskolaren ondarea bizirik jarraitzen duela onartzea da aitortza.
Pentsatu duzue udaletxeko balkoitik botako duzen mezuan?
J.E.I.: Hain zuzen Otxomaioen erdian ospatzen dugu gure urteurrena, maiatzaren 11n betetzen dira 350 urte Kristoren Eskola Santua sortu zutenetik. Oso momentu egokia da hori gogoratzeko. Otxomaioak momentu egokia dira ospakizunerako, herria egiteko, batzuk besteegaz egoteko, berba egiteko urtean topatzen ez doguzan bizikideegaz… Hori ba da gauza ona.
E.P.: Otxomaioetan hain justu Kristoren Eskola, nola edo hala sakabanatu egiten da: batzuk txistulariekin, beste batzuk koroekin, besteak elizkizunetan, Bihotza konpartsan… Kristoren Eskolak Otxomaioetan ez du eginkizun berezirik ohikoan. Gutako pare batek hartuko dute hitza udaletxeko balkoitik poza eta esker ona adierazteko. Bi minututan esan daiteke esan beharrekoa: Gora Otxomaio eta gora Ama Birjina!
Maiatzaren 11 da Eskolaren urteurrena, ekitaldi berezirik antolatuko duzue?
E.P.: Ospakizun nagusia maiatzaren 17an egingo dugu. Maiatzaren 11 astelehena da, maiatzaren 8a egun handia, maiatzaren 9an Arrastariakoak datoz, 10ean Saratxokoak… Saltsa osoaren erdian da urteurrena.
J.E.I.: Horregatik azken domekan egingo dugu ospakizun nagusia. Urteurreneko ekintzak, aldiz, abendura arte luzatuko ditugu.
Zer nolako ekarpena egin dio Kristoren Eskola Santuak hiriari?
E.P.: Herri osoarentzat parte hartzerako bide bat izan da.
J.E.I.: Gure parte bat da, herriaren parte da.
E.P.: gure helburu nagusia Kristori esker askatasunez eta bizi-pozez bizi leikela erakustea da, gauzak ondo eginez. Gure indarra ez da agortzen elizako hormetan. Bestelako zabalkunde bat lortu du Urduñako Kristoren Eskolak. Ez dugu akaso beti asmatu, baina ez gara beste talde batzuk bezain itxiak.
J.E.I.: Argi daukagu zertara gatozen. Gure helburua gu hobeto bizitzea eta gure ingurukoak hobeto bizitzea da; hori da gure Jaunaren proposamena.