Bi Hotsak taldeak jarri dio soinu banda Orduña Hiria Museoaren 7. urteurrenari

Txabi Alvarado Bañares 2026ko maiatzaren 16a

Zazpi urte bete dira museoa ireki zenetik, eta 144 eraikin horren lehen harria jarri zenetik. 

Efemeride berezia bizi izan zen atzo Urduñan. Izan ere, Otxomaio jaien bigarren txanparen hasiera izateaz gain, Orduña Hiria Museoaren 7. urteurrena ere izan zen, eta gainera 144 urte bete ziren museoaren eraikinaren lehen harria jarri zenetik. 

Urteurren bikoitz hori ospatzeko kontzertua eskaini zuten iluntzean. Harresian egitea zen hasierako asmoa, baina elizara mugitu zuten azkenean, eguraldiaren ondorioz. Hala ere, ehunka lagun bertaratu ziren Bi Hotsak taldearen emanaldiaz gozatzera. 

Klimatizazio-lanak amaituta

Azken hiru hilabeteetan itxita egon da museoa, klimatizazio-lanak egin baitituzte bertan, Europako funtsak baliatuta. Iker Santocildes alkateak goraipatu du obra guztia kanpo finantziazioaren bidez egin dela, "udalaren aurrekontua ukitu gabe". Modu horretan, nabarmen hobetu da eraikinaren energia-kalifikazioa, eta argindarraren gastua %71 murriztu da.

Obra amaituta, irekita dago berriz museoa, eta horrek aukera emango dio orain arte lortu duen arrakastari eusteko. Izan ere, iaz ia 10.000 bisitari izan zituen, 13 erakusketa antolatuta (museoan modu finkoak dauden bildumez harago). Gainera, 850 bazkide ditu dagoeneko Hamaika Kale elkarteak kudeatutako espazioak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide