Berezia izan da Mugalde elkarteak antolatutako herri bazkaria aurten, 25. edizioa bete baitu. Ohiko arrakastari eutsi dio Gernika plazako otorduak, 500 lagun baino gehiago batu baitira bazkaltzera. Modu horretan, eskualdeko mota honetako bazkaririk jendetsuenetarikoa bilakatu da Otxomaioetako bigarren larunbatekoa.
“Auzolan erraldoia”
Antolatzaileek gogorarazi dute “oso modu xumean” hasi zirela ekimena antolatzen. “150 pertsona hasi ginen Foru plazan, handitzen eta handitzen joan gara eta orain 500 gara”, nabarmendu dute, eta eskerrak eman dizkiete prestaketan parte hartzen duten pertsona guztiei. Izan ere, “auzolan erraldoia” dago bazkariaren atzean, 50 lagun inguru aritzen baitira otorduaren prozesu osoa aurrera eramaten.
Argazkiak:Txabi Alvarado Bañares, Ainara Sanchez eta Mugalde elkartea