Gaurko arratsaldeko 19:00tan inauguratuko dute Jose Maria Pintoren Begiradaren Atalasea erakusketa Orduña Hiria Museoan. Fede Ruiz aretoan kokatuko dituzte artelanak eta horrela irekiko dute azken hilabeteetan klimatizazio lanengatik itxita egon diren espazioetatik azkena. Irailaren 2ra arte egongo dira artziniegarraren margolanak museoan.
Aurkezpen ekitaldian, artista bera egoteaz gainera, mokadua eta musika ere egongo dira. Kasu honetan, John Damilola Sunday eta Funmilola Rosemary Sunday musikariek girotuko dute inaugurazioa. Urduñan bizi dira senar-emazteak eta ingelesez zein Nigeriako Ekiti estatuko dialektoan abestuko dute, teklatuaz lagundurik.
Leihoak eta leihateak
Museoko arduradunek azaldu dutenez,Ventanas eta Ventanales serietan ardazten da erakusketa, eta bere lan handiaren 26 margolaneko lagin bat baino ez da. Bi lan-ildoek begiradaren, argiaren eta espazioaren arteko harremana esploratzen dute eta horien bidez "kanpokoa eta barrukoa topo egiten duten lurralde piktorikoa bilakatzen du Pintok leihoaren kristalaren muga".
Artistaren hizkuntza tekniko berezia nabarmentzen du honako erakusketa honek. Izan ere, Pintoren lanetan ohikoak diren "hezean egindako ekorketak" dira protagonista, eta horien bidez "gainazal dardaratiak eta giro lausoak sortzen ditu, non formak desegiten direla dirudien argiari bide emateko".
Margolan horietako batzuk estatu mailako sariketa entzutetsuetan izan dira hautatuak, hala nola BMW Pintura Sarian edota Reina Sofia Pintura eta Eskultura Sarietan.
