Ateak zabaldu ditu Mundo Cero Etxeak, inpaktu sozialeko ikus-entzunezkoei bide ematea helburu

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko ekainaren 9a

Mundo Cero ekoiztetxeko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Urduñako Udaleko ordezkariak izan ziren aurkezpenean. / Aiaraldea.eus

Ibon Cormenzana zinemagilearen Mundo Cero ekoiztetxeak gune fisikoa atondu du Urduñan. Mundo Cero Etxeak inpaktu-sozialeko ikus-entzunezkoak hauspotzea izango du helburu.

Urrats berria eman du Urduñak ikus-entzunezkoen alorrean. Mundo Cero ekoiztetxeak espazio fisikoa atondu du La Antigua etorbideko eraikin batean: Mundo Cero Etxea. Iragan ostiralean aurkeztu zuten proiektua, eta "ikus-entzunezkoen prestakuntza, sorkuntza eta postprodukzioari eskainitako gune berri" gisa definitu zuten.

Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Ibon Cormenzana Munco Cero ekoiztetxeko burua eta Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatua. Proiektu berriaren helburua "sektore zinematografikoa garatzen laguntzea, talentua sustatzea eta landa ingurunean aukera ekonomiko eta enplegu berriak sortzea" dela aldarrikatu zuten biek ala biek.

"Inpaktu sozialeko ekoiztetxe" gisa definitzen du bere burua Mundo Cerok, eta filosofia horri ekarpena egitera dator Urduñan abian jarritako zentroa. "Mundo Cero Etxea tokiko eta nazioarteko talentua sustatzeko bokazioarekin sortu da, hezkuntza jarduerak, sormen egoitzak eta ikus-entzunezko proiektuak babestu eta laguntzeko", azaldu zuten aurkezpenean.

Mundo Cero Etxea

Honezkero abian dago Mundo Cero Etxeko formakuntza-jarduera: "Datozen asteetan, zentroak profesional ezagunek eskainitako tailer berriak hartuko ditu, hala nola Pablo Berger zinemagileak eta AA eta storytellingean aditua den Victor Gay Zaragoza, eta, laster, funtsezko arloetako prestakuntzak gehituko zaizkie ere: soinua, Fabiola Ordoyoren eskutik, eta muntaketa, Guillermo de la Calekin, besteak beste".

Urduñara talentua erakartzeko baliatu nahi dute proiektua, "gizartean eragina izango duen ikus-entzunezkoaren inguruko ikaskuntza, sorkuntza eta truke ingurune bat sortuz".

Ikus-enztuenzkoen Hub-a

Bizkaiko Foru Aldundiak iragan martxoan iragarri zuen Bilbao Bizkaia ikus-entzunezko huba garatzeko 4,6 milioi euroko inbertsioa. Mariaren Lagundiko ikastetxe zaharreko eraikinak eta lursailak egokituko dituzte sektorearen garapena bultzatzeko, 18.000 metro koadroko eraikina eta 10.000 metro koadroko lursaila orotara.

Ekosistema horretan ekarpena egitera dator Mundo Cero Etxea. “Urduñarentzat proiektu hau aukera bat da udalerriko jarduera ekonomikoa eta kulturala dinamizatzeko, gure hiria sektore estrategiko bati lotuz eta herritarrentzat aukera berriak sortuz”, adierazi zuen Iker Santocildes alkateak iragan ostiraleko aurkezpenean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide