Urduñan kokatuko dute Bilbao Bizkaia ikus-entzunezko hubaren bi egoitza fisikoetako bat. Zehaztu dutenez, 4,6 milioi euro baliatuko dituzte Mariaren Lagundiko ikastetxe zaharreko eraikinak eta lursailak egokitzeko. Azaldu dutenez, “18.000 metro koadroko eraikina eta 10.000 metro koadroko lursail erantsia ditu” espazioak.
Hub-aren bigarren egoitza Bilbon kokatutako dute, Punta Zorrotzan, eta biak hala biak egongo dira martxan datorren urterako, erakunde publikoek eginiko aurreikuspenen arabera.
Gaur eman dute albistearen berri, Bilbon eginiko aurkezpen instituzionalean. Bertan parte hartu du Iker Santocildes alkateak, Elixabete Etxanobe diputatu nagusiarekin eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin batera.
Erakunde publikoetako ordezkariek nabarmendu dute proiektua ez dela zerotik abiatzen, ikastetxe hori jada erabili delako hainbat filma grabatzeko, Karmele, Maspalomas eta Los Muertimer tartean. “Espazioaren egokitasuna eta sektorearen benetako interesa” berresten du horrek, Aldundiaren arabera. Erakunde horren arabera, espazio hori gai da “tamaina askotariko ekoizpenak hartzeko”. Gauzak hala, ikastetxea “grabazio profesionaletarako teknikoki egokia bihurtzea” izango da 4,6 milioi euroko obren xedea.
Horrez gain, Aldundiak nabarmendu du “aurrekaririk gabeko hazkunde une bat” bizitzen ari dela Bizkaiko ikus-entzunezko industria, iaz lurralde historiko horretan 219 ekoizpen egin zirela nabarmenduta. “2024-2025 biurtekoaren eragin ekonomikoa 267,5 milioi eurotik gorakoa izan da, eta azken ekitaldian bakarrik 9.878 kontratazio erregistratu dira”, goraipatu du erakunde publikoak.