Solstizioak badu zerbait. Mugimendu astronomikoek belaunaldiz belaunaldi erakarri dute gu lurtarron arreta, eta mendez mende bide eman diote makina bat ohitura eta tradizioei. Berdin du planetako zein tokitan kokatu, eguzkiak ekuatorearekiko duen deklinazioak ziur zirrara sortzen duela; deklinazioa, ekliptika, orbita eta bestelako kontzeptuak ezagutu edo ez.
Egun luzeak, egun laburrak… errituen iturburu dira urtean birritan gertatzen diren solstizioak. Hala nola, San Joan gaua eta Eguberriak gure latitudeetan.
Inti Raymia
Andeetako herrietan Inti Raymi izena hartzen du udako edo neguko solstizioaren jaiak. Kitxua hizkuntzan “eguzkiaren jaia” esan nahi du. Sakon errotutako festa da, bereziki Ekuadorreko zenbait eskualdeetan.
Urduñako komunitate ekuadortarrak urteak darama sorterriko tradizioa bizirik mantentzen. Ekaina iristen den aldiro festa erraldoia antolatzen dute Gamako urmaelaren inguruan, eta aurten ere ez dute hutsik egin.

Richard Isama Quilamba urduñar gazteak hartu du bere gain aurtengo Inti Raymi ospakizuna antolatzearen ardura. Mila lagun inguru batzen ditu ospakizunak. Txosna, dantza erakustaldiak, kirol ekitaldiak, kontzertuak… zer eginik ez zaio falta Isamari. Lan batetik bestera dabilela mintzatu gara berarekin, festaren nondik norakoak ezagutzeko. Honela definitu du Inti Raymiaren funtsa: “Gure herrialdeko [Ekuadorreko] tradizioa da Inti Raimya, eguzkiaren jaia.
Pachamamamri, amalurrari, esker ona emateko jaia da. Uzta onak, abundantzia eta urte oparoa eskatzen dizkiogu”.
Gamako urmaela, solstizioaren epizentro
Hamaika txokotatik etorritako ehunka lagun elkartu dira aurten ere Gamako urmaelaren bueltan. Hamakak, eguzkitakoak, hozkailu eramangarriak… kanpamentu inprobisatuan erraldoia atondu dute txosnaren eta boleibol zelaien inguruan. Familiak, lagun-taldeak, herrikideak… denak batu dira eguna komunitatean igarotzeko asmoz.
Urduñako komunitate ekuadortarra soilik ez, aldirietatik etorritako makina bat lagun batu dira ere: Bilbo, Iruña, Gasteiz… Urmaelera bertaratzeko bide luzeagoa egin dutenak ere badaude. “Frantziatik, Belgikatik, Asturiasetik, Madriletik… etorri da jendea. Ecuavoley-an jokatzeko edota dantzetan aritzeko. Ohikoan opor egunak hartzen ditugu ekainean, eta jaialdi desberdinetara bidaiatzen dugu. Kanpotik Urduñara etorri diren modu berean guk ere joko dugu diasporak antolatutako beste Inti Raimy batera. Esaterako, Valentziara askotan joaten gara, sona handia duen ospakizuna antolatzen dute bertan”, azaldu digu Isamak.

Komunitatean sustraiak goratu eta sorterriko tradizioak bizirik mantentzea helburu, kirola eta dantza uztartu dituzte gaueko ordu txikiak arte. Txosnan, aldiz, Ekuadorreko jakiak eta edariak eskaini dituzte: Arto errea, ají saltsa, zuku morea, haragi errea… “Egun batez Ekuadorren egotea bezalakoa da” diosku pozik urduñar gazteak: “Gure sustraiak oroitzeko baliatzen dugu jaia. Hemen elkartzen garenok gure herrialdetik emigratu behar izan dugu, beste bizitza baten bila.
Herrialde berri batean aurkitzen da gure burua, beste kultura batean murgildurik. Gure lurra eta atzean utzi dugun guztia oroitu nahi dugu Inti Raymian”.
Urduñar komunitatea
Urduñako herritar orori zabaldutako ospakizuna dela azpimarratu du Isamak. Asko dira hiritik urmaelera bidea egin duten urduñarrak, askok kuriositateagatik, beste askok lagunen bat edo beste dutelako bertako saltsan sartua. Urduñako alkatea bera txosnan aritu da ere tragoak zerbitzatzen, Isamaren txikitako lagun mina da eta.
Urduñako ekuadortar gehienak Otavalo ingurukoak dira. Ibarra eskualdeko hiria da Otavalo, kitxua komunitate handia bizi da bertan, eta bertako kaleetan oso bizirik daude herri indigenaren hizkuntza eta ohiturak.
Isamaren gurasoak Otavalotik etorri ziren Urduñara. Isama bost urte zituela iritzi zen hirira, urduñartzat du burua baina ez ditu bere sustraiak ahaztu. Kontrara, bere alabari transmititu dizkio sorterriko tradizioak: “Komunitate indartsua da gurea eta asko laguntzen diogu elkarri, ekarpena egin nahi dugu Urduñan”.
