Udalak neurri legalak hartuko ditu Urduñako igerilekuak kudeatu behar zituen enpresaren aurka

Txabi Alvarado Bañares 2026ko uztailaren 6a

Azpiegituren irekiera atzeratu eta bere kabuz gauzatu behar izan zuen tokiko erakundeak, Ramon Lazaro enpresari nafarraren atxiloketaren ostean

"Surrealistatzat" jo du Iker Santocildes Perezek Urduñako igerilekuekin gertatutakoa. Urduñako alkateak gaiari buruzko azalpenak eman zituen Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean. Bere hitzetan, ezusteko egoera bati egin behar izan zioten aurre igerilekuen kudeaketarako kontratatutako enpresaren jabea atxilotua izan zenean. "Udalak izapide guztiak garaiz eta modu egokian egin zituen, baina enpresak azken unean eta bere borondatez ezin izan zuen hartutako konpromisoa bete", azaldu du gobernuburuak. 

"Zerbitzu juridikoak gertatutakoa aztertzen ari dira une honetan. Kontratua, hartutako konpromisoak eta zor litezkeen erantzunkizunak aztertuko dira eta interes publikoaren defentsan dagozkion neurriak hartuko dira"

Dena den, Santocildesek nabarmendu du "oso azkar" erantzun zutela, hurrengo astelehenean ireki ahal izan zituztelako igerilekuak. Behin egoera normalizatuta, enpresa horren aurkako neurri legalak hartuko dituztela baieztatu du alkateak: "Zerbitzu juridikoak gertatutakoa aztertzen ari dira une honetan. Kontratua, hartutako konpromisoak eta zor litezkeen erantzunkizunak aztertuko dira eta interes publikoaren defentsan dagozkion neurriak hartuko dira". 

Igerilekuetako obrak

Gorabeherak gorabehera, igerilekuetan egin nahi dituzten obrei buruzko zertzeladak ere eman zituen alkateak Azalera podcastean. Izan ere, maiatzeko plenoan onartu zuten proiektua. "Helburua ez da soilik instalazioak berritzea, baizik eta Urduñak, etorkizunera begira, behar dituen igerileku modernoak, irisgarriagoak eta seguruak izatea", azaldu zuen gobernuburuak, aurrekontua milioi bat euro baino gehiagokoa dela gaineratuta. Gauzak hala, beharrezko finantzaketa bilatzeari ekin diote "proiektua errealitate bihurtzeko", datorren urtean abiatu nahi baitituzte obrak.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide