Urduñako udal igerilekuak herritar askoren ahotan egon dira azken asteetan, sarreren prezioa merkatuko zela eta ez zela, zein irekiera data gorabehera. Larunbat honetan, hilaren 13an, abiatu behar zen udako zerbitzua, baina data halabeharrez atzeratu behar izan du Udalak, lizitazio-prozesua hutsik geratu baita, “proposatutako esleipendunari egotz dakizkiokeen ustekabeko gorabeheren ondorioz”.
Erakunde kriminaleko kide izatea, partikularren arteko ustelkeria, kapitalak zuritzea, bidegabeko jabetzea, dirulaguntzetan iruzur egitea, ondasunak ostentzea, dokumentuak faltsutzea, iruzurra eta Ogasun Publikoaren aurkako delituak egotzi zaizkio Lazarori.
“Jarduera kriminalen nahasketa zabala”
Ramon Lazaro Martinez SL-ari esleitu zitzaion igerilekuen kudeaketa-zerbitzua, baina izen bereko enpresaburua atxilotu zuen astelehenean Espainiako Poliziak, Europol eta Interpol erakundeekin batera egindako ustelkeriaren, diru-zuritzearen eta Ogasun Publikoaren aurkako iruzurraren aurkako operazio batean. Lazaroren ama eta beste bost inplikatu ere eraman zituzten atxilo, baina behin-behineko askatasunean geratu dira guztiak dagoeneko. Epaileak uste du ez dagoela ihes egiteko arriskurik, ondare osoa atzeman baitiote ikertuari, 1.430.000 euro, hain zuzen.
Zehazki, honako delitu hauek egozten zaizkio: erakunde kriminaleko kide izatea, partikularren arteko ustelkeria, kapitalak zuritzea, bidegabeko jabetzea, dirulaguntzetan iruzur egitea, ondasunak ostentzea, dokumentuak faltsutzea, iruzurra eta Ogasun Publikoaren aurkako delituak.
CD Tudelanoko presidente ohia eta Ribera Nabarrako egungo arduradun nagusia da Lazaro eta, dirudienez, dirua eskaintzen zien aurkariei partidak galdu zitzaten. Antza, Oviedo Vetustako jokalari batzuei 30.000 euro ere eskaintzera iritzi zen, Tudelanorekin 1. RFEFra igotzea jokoan zutenean. Poliziaren atestatuaren arabera, beste eskaintza mota batzuk ere egiten zituen Lazarok: “5.000 euro emango dizkizut ostiralean eta gero neska batzuekin larrua jotzera goaz” (“Yo el viernes 5.000€ y trato, y luego vamos a follarnos a unas”).
Ondasunak ostentatzeagatik ikertzen ari dira enpresari nafarra ere. Izan ere, ustez, dirua atzerrira ateratzen saiatu da kriptotxanponen erosketaren bidez, eta 900.000 euro lortu ditu modu horretan. Epaileak, berriz, beste 530.000 euro blokeatu dizkio eragiketa egin aurretik. Klubetatik desbideratutako dirua higiezinak erostera bideratu zuela uste du magistratuak.
Urduñako Udalak bere gain hartuko du igerilekuen kudeaketa eta dagoeneko lanean ari dira zerbitzua antolatzen.
Laudioko eta Artziniegako igerilekuen kudeatzailea 2022an
Urduñakoa ez da Ramon Lazaro Martinezek eskualdean egiten duen lehenbiziko jarduera. Izan ere, 2022an, Ellakuriko eta Artziniegako igerilekuen kudeaketa esleitu zitzaion eta hainbat gorabehera egon ziren zerbitzuan uda horretan zehar. Laudioko Udalak auzitara eraman zuen enpresaria, kontratuak faltsutzea egotzita.
Langileek ere abiatu zuten prozedura judiziala Lazaroren aurka, lan baldintzak urratu zituela argudiatuta. Aiaraldea Komunikabideak uda horretan Laudioko igerilekuan lan egin zuten bi beharginei elkarrizketa egin zien, eta bertan azaldu zituzten egondako irregulartasun guztiak.
Urduñako igerilekuen kudeaketa, Udalaren esku orain
Urduñako Udalak, bere aldetik, oharra zabaldu du herritarrei adierazteko tokiko erakundeak bere gain hartuko duela igerilekuen kudeaketa. Azaldu dutenez, dagoeneko lanean ari dira zerbitzua antolatzen, eta “beharrezko izapideak amaitu bezain laster” jakinaraziko dute irekiera-data.
Mantentze-lanak eta lorezaintza lizitatutako kontratutik kanpo daudenez, normaltasunez garatuko direla ziurtatu dute, instalazioak egoera onean mantentzea bermatzeko.
Bestalde, Urduñako Udalak jakinarazi du bere gain hartzen duela kontratuaren betebeharrak ez betetzeagatik eta herritarrei eragindako kalteen ondorioz esleipendunaren aurka dagozkion legezko ekintzak abiarazteko aukera.