Lehenbiziko mendi lasterketa eta martxa solidarioa antolatu ditu Urduñan berriki finkatutako Mundo Cero ekoiztetxeak. Irailaren 19an izango da ekimena eta, Emalaikat Fundazioaren bidez, Etiopiako Mukaturi eskualdean edateko ura bermatzera bideratuko da bildutako dirua.
Bi modalitateren artean hautatu ahalko dute parte hartu nahi dutenek: 27 kilometroko taldekako traila edo 10 kilometroko mendi ibilaldia. Lasterketaren kasuan, 8:00etan aterako da Foru plazatik eta 3 edo 4 pertsonek osatutako taldeetan egin beharko dute korrika.
Sailkatuak izan ahal izateko gutxienez talde bakoitzeko hiru lasterkarik gurutzatu beharko dute helmuga. Sailkapen bakarra egongo da talde maskulino, femenino edo mistoentzat.
Mendi martxa ordu eta erdi geroago abiatuko da leku beretik, hau da, 9:30ean. Ekimen honek, ordea, izaera parte-hartzailea eta ez-lehiakorra du. Hemen eman daiteke izena.
Laguntzeko korri egitea
"Inpaktu sozialeko ekoiztetxe" gisa definitzen du bere burua Mundo Cerok, ekainean Urduñan espazio fisikoa ireki zuen proiektuak. Ibon Cormenzana da ekoiztetxearen burua, eta hamar urte baino gehiago daramatza Etiopian ura bermatzeko proiektuetan laguntzen, atletismoari eta zinemagintzari lotuta.
Izan ere, 2015ean El hombre que empezó a correr dokumentalaren protagonista izan zen Cormenzana, Josep Serraren zuzendaritzapean. 2025ean, berriro elkartu ziren bi zinemagileak eta Correr, Crear, Colaborar filma ekoitzi zuten.