Urduña Hiria Herri Krosaren XX. edizioa egingo dute asteburuan

Aimar Gutierrez Bidarte

Gaur aurkeztu dute Urduña Hiria Herri Krosaren XX. edizioa. / Aiaraldea.eus

Bi hamarkadako ibilbidea ospatuko du igandean Urduña Hiria Herri Krosak. Egindako bidea balioan jarri eta etorkizunera begiratzeko baliatu nahi du aurtengo edizioa Arando Kirol Elkarteak. Gaur egin dute hitzorduaren aurkezpena, eta kirol probaren xehetasunak aletu dituzte.

Arando Korrikalari Elkarteak antolatzen duen Urduña Hiria Herri Krosaren XX. edizioa ospatuko dute igandean, irailak 27, goizeko 11:30ean. Gaur goizean egin dute kirol probaren aurkezpena. elkarteko kideek eta Uxue Mendibil zinegotziak eta Iker Santocildes alkateak hartu dute parte bertan, eta biek ala biek hitzorduaren izaera herrikoia azpimarratu dute, krosaren arrakastaren giltzarri.

Javi Apariciok, Arando Korrikalari Elkarteko kidea eta krosaren egungo ereduaren sortzailea, balioan jarri du azken 22 urteetan egindako bidea. Aparicio "pozik" azaldu da kirol probak izan duen garapenarekin eta adierazi du "orain arte lortutakoa mantentzea" dutela erronka, "Urduña Hiria Herri Krosak beste 20 urtez aurrera jarrai dezan".

Orain arte lortutakoa mantentzea da Arando Korrikalari Elkarteak duen helburua krosaren 20. urteurrenean, baina emakumeen partaidetza bultzatzen jarraitzea beharrezkotzat jo dute, baita belaunaldi aldaketa antolakuntzan

“XX. ediziora iristea ospatzekoa da, baita proba honen atzean dagoen lan guztia aitortzeko aukera bikaina ere. Hogei urte baino gehiagoko konpromisoa erakutsi duen AKT zoriondu nahi dugu, eta eskerrak eman ere edizioz edizio lasterketa hau posible egiten lagundu duten pertsona guztiei. Herri Krosa adibide garbia da erakusteko nola elkarte baten lanak, hiritarren inplikazioarekin batera, kirol-ekimen bat hitzordu egonkortu eta udalerriaz gaindiko irismeneko bihurtu daitekeen”, nabarmendu du Uxue Mendibil Kultura zinegotziak.

Herri Krosak garatutako ereduarekin pozik dauden arren, etorkizunera begira ere erronkak badituztela aldarrikatu dute antolatzaileek. Marta Samaniego Arando Korrikalari Elkarteko kideak emakumeen parte hartzea indartzen jarraitzeko urratsak ematearen beharra nabarmendu du, bai eta antolakuntzara belaunaldi berriak batzearen beharra ere.

Lasterketa anitza

Mota guztietako kirolarientzako krosa dela aldarrikatu du Samaniegok. Badira hiru urte 10 kilometroko lasterketari 6 kilometroko proba gehitu ziotela, "lasterketa herritar gehiagorengana hurbiltzeko". Bigarren  distantzia horrek are gehiago indartu du Herri Krosa, eta urtez urte geroz eta kirolari gehiagok ematen dute izena.

Proba paralinpikoa ere jarri nahi izan dute balioan Apariciok eta Samaniegok, Herri Krossak kirol egokituarekin duen konpromisoaren erakusle. Bide horretan Javi Conde Klub Paralinpikoaren parte hartzea eskertu dute antolatzaileek. Basaurin egoitza duen klubak 30 atleta baino gehiago elkartzen ditu Urduña Hiria Herri Krossean, tartean tokiko kirolaria den Olaia Gurrutxaga.

Azkenik, kirolari txikienentzat prestaturiko Txikikrosa eta Minitxikis probak ere nabarmendu nahi izan dituzte.

Dena prest igandeko hitzordurako

Dagoeneko dena prest dute igandeko kirol probarako. Izen emateak erritmo onean doazela adierazi du Samaniegok eta azken urteetako kopuruak aurreikusten ditu XX. edizio honetarako ere. Guztira 750 kirolari baino gehiago elkartuko ditu hitzorduak, kategoria desberdinetan banatuta.

Oraindik ere izena emateko epea dagoela azaldu dute. Kirolprobak webgunean eskuratu daiteke dortsala. Aurrez aurre izen emateko aukera egongo da ere, bihar eta etzi (irailak 24 eta 25), Urduñako Alondegian.

Kirol probatik haratago, "igandea jai-egun bat izatea" espero dute antolatzaileek, eta horretarako tabernen kolaborazioa eskertu dute. Gainera, Bizi Urduña elkarteak antolatuko duen Merkataritza Azokaren bat egingo du Herri Krossak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide