2025eko uda berezia izan zen Tim Meusen urduñarrarentzat: Hong Kong eta Japoniatik etorritako sei txirrindulari gazte hartu zituen etxean, eta hauek entrenatzen eman zituen hiru hilabete. Ho Man Yip, 2025eko Asiako Errepideko Txirrindularitza Txapelketako txapelduna, eta honen taldea izan ziren egonaldi horretan parte hartu zuten gazteak.
Orain, egonaldiko bizipen guztiak biltzen dituen Chasing Dreams dokumentala ekoitzi du entrenatzaile urduñarrak. Meusenek herrikide duen Alvaro Sainz bideogilea izan du bidelagun proiektua garatzeko.
Iragan udan jokatutako lasterketetan grabatutako irudiak eta elkarrizketak uztartu dituzte dokumentalean. Sei gazteen anbizioen, hiru hilabeteko egonaldian bizitako garapen prozesuaren edota aurre egin beharreko aurreiritzien inguruan hausnartzen dute Ho Man Yipek eta bere kideek, 55 minutuko iraupena duen piezan.
Iragan irailaren 24an estreinatu zuten ikus-entzunezko ekoizpena Urduñako Alondegian egindako ekitaldian. Tim Meusenek berak gidatu zuen aurkezpena eta oso pozik azaldu da dokumentalak izandako harrerarekin: "Guztira 30 lagun baino gehiago elkartu ginen Alondegian. Txirrindularitza zale ez direnek ere oso ondo baloratu zuten proiektua".
Meusenek balioan jarri du Alvaro Sainzen lana, eta aurki dokumentala ikusgai egotea espero du.