Felipe Orts alikantarrak eta Sofía Rodríguez valentziarrak garaipena errepikatu zuten atzo Urduñan jokatutako nazioarteko ziklokros proban.
Biek larunbatean Amurrion jokatutako Espainiako Kopako proban ere irabazi zuten, eta asteburuko nagusitasuna berretsi zuten Urduñako hitzorduan.
Gizonezkoen lasterketan, Orts nagusitu zen, helmugan 22 segundoko aldea aterata Rodrigo Inguanzo kantabriarrari. Raúl Mira alikantarrak osatu zuen podiuma, irabazlearengandik 37 segundora. Hala, Inguanzok eta Mirak aurreko egunean Amurrion lortutako postuak trukatu zituzten.
Emakumezkoen proban, berriz, Sofía Rodríguezek gogotik egin behar izan zuen lan garaipena eskuratzeko. Valentziarrak bi segundoko alde estuarekin gainditu zuen Lucía González asturiarra, eta Lea Stern suitzarrak osatu zuen podiuma. Rodríguez nagusi izan zen aurreko Espainiako Kopako probetan ere, Sieron eta Amurrion.
Txirrindularitza festa Urduñan
Urduñako Txirrindulari Elkarteak antolatutako probak hainbat kategoriatako txirrindulariak bildu zituen, nazioarteko ziklokros egutegiaren barruan. UCIren C2 mailako lasterketak Euskadiko ziklokros denboraldiari hasiera ematen dio.
Helduen kategorietako probak goizean jokatu ziren, 09:00etatik aurrera, master, kadete, junior eta elite 23 urtez azpiko mailetan, emakumezkoen zein gizonezkoen lehietan. Kategoriaren arabera, parte-hartzaileek lau eta zortzi itzuli artean osatu behar izan zituzten, Foru Plazan kokatutako irteera eta helmugarekin.
Lasterketak izan zuen maila altua aintzat hartuta, nazioarteko txirrindulari ugarirekin, goraipatzekoa da Mikel Llorente eta Mirari Gotxi amurrioarrek 10. postuan amaitu zituztela lasterketak junior eta elite 23 urte azpiko kategorietan.
Arratsaldean, berriz, eskolako txirrindularien txanda izan zen. Benjamin, alebin eta infantil mailetako gazteek Txiki Kopa Bizkaia egutegiko proban parte hartu zuten.
Asteburuko hitzordua Iparkopa CX Laboral Kutxa ziklokros egutegiaren barruan kokatu zen, eta Muskiz zein Elgoibarreko probekin osatuko da, azaroaren 7 eta 21ean programatuta. Helburua da ziklokrosa sustatzea eta maila ezberdinetako txirrindulariei lehiatzeko aukera eskaintzea.