“Herriko elkarteek asko laguntzen dute Luiaondoko Jaien prestaketan”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko uzt. 16a, 09:18

JOSU MIMENZA ARISTIMUÑO (Luiaondo, 1977) Luiaondoko Jaien antolakuntzan dabil. Asteburu honetako Andra Mari jaien zein abuztuko Santo Lorenzo eta Santo Domingo festen inguruan mintzatu da.

Zer berrikuntza dakarte aurtengo Luiaondoko Jaiek?

Lehenik eta behin aipatu behar da Luiaondoko Jaiak ez direla soilik asteburu honetara mugatzen, abuztuan Lorenzo Deunaren eta Domingo Deunaren Jaiak ere baititugu.

JOSU MIMENZA ARISTIMUÑO (Luiaondo, 1977) Luiaondoko Jaien antolakuntzan dabil. Asteburu honetako Andra Mari jaien zein abuztuko Santo Lorenzo eta Santo Domingo festen inguruan mintzatu da.

Zer berrikuntza dakarte aurtengo Luiaondoko Jaiek?

Lehenik eta behin aipatu behar da Luiaondoko Jaiak ez direla soilik asteburu honetara mugatzen, abuztuan Lorenzo Deunaren eta Domingo Deunaren Jaiak ere baititugu.

Berrikuntzei dagokionez, ostiralean, adibidez, kalejira egingo dugu batukadarekin eta dantzan arituko gara herrian zehar. Zazpietan Gizarte Etxera joango gara, txupinazoa botatzera. Zortzietan Las Vegas tabernak pintxo morunoak prestatuko ditu, eta bertara joango gara.

Larunbatean, berriz, Luxaondo areto futbol taldeak umeentzako 3x3 txapelketa egingo du. Bi maila egongo dira, zortzi urtetik hamabira eta hamahirutik hamaseira.

Zumba erakustaldia ere egongo da, seietan. Orain dela bi urte egin genuen lehenbiziko aldiz eta jende nahiko animatzen da.

Igandean bertso-saioa egingo dugu. Luiaondon badugu Asier Rubio bertsolari ospetsua. Gero, Andra Mari egunean (asteazkenean) Nafarroako ahotsak ekarriko ditugu. Meza eta gero egongo dira, jotak abesten.

Santo Domingon eta Santo Lorenzon ere berrikuntzak egongo dira?

Bai. Santo Domingon, adibidez, ehiza-txakur erakustaldia egongo da, egun osoan zehar, Oleta aurrean dagoen zelaian. Baselizaren zelaian kale-antzerki bat eskainiko da, eta DJ Xaibor ere egongo da. Umeentzako jaialdi polita prestatzen du Xaiborrek; ona dela esan digute eta ekartzea erabaki dugu.

Santo Lorenzon, berriz, lehen Tortila Txapelketa zena Tortila eta Pintxo Txapelketa bilakatuko da aurten.

Lorenzo, Domingo eta Andra Mari. Hiru festak batera antolatzen dituzue?

Bai. Luiandoko Administrazio Batzordeak antolatzen ditu, kultur eta kirol elkarteen laguntzarekin. Bakoitzak ekintza bat prestatzen du. Emakumeen elkarteak, adibidez, odolosteak prestatzen ditu, Bolo Taldeak bolo txapelketa egiten du, Pilota Taldeak jokalari amateurren jaialdi bat antolatzen du... laguntza handia dago.

“Guretzako berezia da batez ere Santo Lorenzoren eguna”

Aiaraldeko beste herriren bateko pertsona bat Luiaondoko Jaietara joan nahiko balu zer egunetan joatea gomendatuko zenioke?

Guretzako berezia da batez ere Santo Lorenzoren eguna. Baseliza daukagu mendian, zelai oso polit batekin, eta bertan prestatzen dugu herri bazkaria. Egun osoa egoten gara bertan.

Nik betidanik ezagutu izan ditut festa horiek. Batzuetan euria egin izan du eta frontoira jaitsi behar izan gara bazkaltzera. Baina festa polita zelaian izan da beti.

Gastronomiak garrantzi berezia dauka Luiaondoko Jaietan.

Hala da, bai. Pintxoak ditugu ostiralean, odolosteak larunbatean (eta baita Santo Domingon ere), txistorra igandean... Herri Bazkariak ere baditugu ugari. Oleta tabernak ere txorizo dastaketa prestatzen du, abuztuaren 9an. Txintxorta ere badugu... eskaintza gastronomiko zabala.

Gosez beraz ez zarete geratuko...

Ez, ez. Hori Luiaondon ezinezkoa da! (barreak)

Janariarena soilik ez, musika eskaintza ere zabala da: bertsolariak, bi DJ, berbena, Nafarroako jotak... Umeentzako ere baditugu ekintza asko. Ez baitira gutxi Luiaondon bizi diren haurrak. Tailerrak eta puzgarri asko egongo dira, beraz.

“Igo egin da jaietako parte hartzea. Jende berria parte hartzen hasi da, poliki-poliki”

Luiaondo “logela-herria” kontsideratua izan da sarritan. Jaietan dagoen parte hartzean eragina al dauka horrek?

Igo egin da jaietako parte hartzea. Jende berria parte hartzen hasi da, poliki-poliki, eta gozatu egiten dute festetan. Denek ez; asko gara herrian eta beti dago herrira lo egitera baino ez datorren norbait. Oraindik ez dira guztiz sartu hemengo giroan, baina hori da gure asmoa.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide