"Gardentasuna izan da guretzat garrantzitsuena"

Erredakzioa 2015ko mai. 20a, 20:54

JOSU ARTETXE (Aiara, 1962) EH Bilduko alkategaia eta indarrean dagoen legealdiko alkatea. Ideia berriak aipatu ez ezik azken 4 urteko esperientzia aipatu du.

Nolakoa izan da hautaketa prozesua?

JOSU ARTETXE (Aiara, 1962) EH Bilduko alkategaia eta indarrean dagoen legealdiko alkatea. Ideia berriak aipatu ez ezik azken 4 urteko esperientzia aipatu du.

Nolakoa izan da hautaketa prozesua?

Lehengo legealditik hiru sartu gara hautaketa prozesuan, uste dugulako taldean jarraipen bat eman behar dela. Hortaz gain, guk jada udala ezagutzen dugu, lau urteko esperientzia daukagu. Estebanek 20 urte eman ditu Batzar Administratiboetan eta Laurenek ere Batzar Nagusietan eta zinegotzi moduan. Aurrera egiteko indarrekin ikusten gara eta horrek irmotasun bat ere erakusten du.

Zerrenda jende berriarekin osatu da. Lau urte hauetan gure taldekidea izan den Nerea Goti sartu da, adibidez. Oso pertsona erantzulea da eta konpromisoa hartu du. Aitziberrek ere jarraitzen du. Kultura arloan lan handia egin duen Koldo Mendioroz ere dago. Aurpegi berriak ere sartu dira. Iratxe Granado, eta Inma Garcia gazteak, adibidez. Inma Elikadura Subiranotasunaren Kontseiluan sartua dago. Asier Rubio bertsolari gaztea ere dago zerrendetan. Apustu bat egin dugu gazteriaren alde, uste dugulako instituzioetan jende gaztea sartzen hasi behar dela.

Arlo, adin, leku eta sentsibilitate ezberdinetako pertsonak biltzen saiatu gara, eta emaitza oso positiboa iruditu zaigu.

Zuk zerrendaburu moduan jarraitzen duzu. Nolakoa izan da orain arteko esperientzia politikoa eta profesionala?

Nire esperientzia profesionala turismoari lotua egon da beti, 30 urte daramatzat horretan. Gida lanak egin izan ditut Europatik eta Euskal Herritik. Politika arloan alkate izan arte ez nuen aurretiazko esperientziarik izan.

Legealdiari begira, zein da zure balorazioa?

Esan behar den lehen gauza da aldaketa bat eman dela.30 urtez hemen gobernatzen berdinak egon ostean, guk argi genuen aldaketa bat eman behar zela.

Eta aldaketa hori nabaritu egin da. Kudeaketa oso ezberdina izan da. Kudeaketa ekonomikoan, alde batetik, gardentasuna izan da guretzako garrantzitsua. Gasturen kontrola, jakitea non eta zertarako gastatzen dugun dirua eta aurreztea ahal izan dugun gaietan.

Kontratu batzuk eztabaidan jarri ditugu, eta horrek dirua aurrezteko balio izan du. Guk uste dugu aurrekontuak ez direla denbora guztian gastua egiteko, gastua nola eta zertan egin jakiteko baizik.

Kiroldegiaren arazoa harri handi bat izan zen, denbora asko inbertitu genuen horri konponbide bat bilatzen. 750.000 euroko zorra kentzea lortu egin dugu.

Ekonomia bideratzea lortu dugu eta egin dugu Aiaran egin den inbertsiorik handiena gauzatu da, Luiaondoko osasun zentroa. Beharrezkoa den azpiegitura. Gaur egun udala oso saneatua dago. Batzorde administratiboetako diru-laguntzak handitzea lortu dugu, eta beste laguntza batzuk ere lortu ditugu.

Herrian egiten diren ikastaroak arautu ditugu, talde guztiekin batzordeetan eztabaidatuaz eta lan asko eginaz. Horri esker gardentasuna lortu da elkarteekiko.

Beste alor bat izan da udal-langileekiko jarrera eta harremanak. Hori oso garrantzitsua da udalaren kudeaketa beraiekin egin behar delako. Guk hasieratik ikusi genuen alor horri buelta bat eman behar zitzaiola, eta langileen balorazioak ere ikustear zeudela, balorazio profesionalean eta ekonomikoan. Hori dela eta, lanpostuen balorazio bat egin dugu, zeinetan langileek parte hartu diten eta zeinen emaitzarekin pozik azaldu diren.

Diruaren aldetik ez da igoera asko eman langileen soldatetan, Rajoyren Lan Legeak muga batzuk ezartzen dituelako. Duintasun apur bat sartu dugu langileen lan baldintzetan, eta hori giroan ere nabaritzen da.

Batzuk diote udalaren kudeaketa astiro doala. Zentzu horretan esan behar da gauza batzuk astiro joan direla aurrekoek arazo handiak utzi zituztelako: kiroldegia, abeltzainentzako azpiegituren legeztatzea, urbanizazio batzuk, uraren gaineko isurketak...

Kudeaketa astiro joan da, guretzako oso garrantzitsua izan delako araudia errespetatzea eta horrela zilegitasuna ematea erabakiei. Hori biztanleriaren interesekin uztartu dugu, haien iritziak kontuan hartuta.

Horregatik, denbora inbertitu behar izan dugu zama hori guzti hori gainetik kentzeko. Gaur egun, 2015ean, perspektibarekin ikusten da lan handia egin dela. Badaude hobetzeko gauzak: parte hartzeari begira tresnak garatu behar dira, adibidez.

Hor lan handia egin behar da batzorde administratiboekin. Arazoak egon direnean udalak ikuspegi irekia mantendu du. Zuhatza eta Arespalditzaren arteko hobi septikoaren inguruko eztabaidan parte hartu genuen, Luiaondoko Arbol Malato urbanizazioan ere hala egin genuen.

Adibide interesgarri bat HAPOarena da. Guretzat mugarri bat izan da, ondorio urbanistikoengatik baino egindako parte hartze prozesuagatik. Aiarako 23 herrietara gerturatu ginen.

Zentsu horretan, parte hartzea sustatzeko tresna bilakatu da, eta orain arte lotu gabeko zerbait lortu dugu: jendeak etorkizun urbanistikoan parte hartzea.

Elkarteek jaietan duten parte hartzea ere handitu egin da. Lehengo urtetik hasi ginen elkarteekin batzen, eta nahi izan dutenek izan dute parte hartzeko aukera. Uste dugu ahal izan dugun guztietan jarri garela harremanetan arazoak konpontzeko. Udala ahalik eta gehien zabaltzen ahalegindu gara.

Zein izan da legealdiko une goxoena? Eta latzena?

Goxoenetako bat irabaztea izan zen, aldaketa zetorrelako. Guk ikusten genuen aldaketa eman behar zela eta herritarrek ere hala ikusten zuten. Gozoa da baita ikustea lau urte eta gero udala bideratua dagoela, aldaketa irmo doala aurrera, ez dagoela atzera bueltarik.

Kiroldegiaren arazoaren amaiera ere une gozoa izan zen. Eraikuntza enpresarekin amaitzeko izan dugun modua ere goxoa izan da. Zorrotz jokatu dugu eta ez dugu eurek eskatzen zuten diru gehiegikeria eman behar izan. Alde horretatik, hori garaipen handia izan zen guretzat, eskatzen zutenaren %10a kobratu zutelako.

Goxoa izan da egon diren gatazketan lortu ditugun adostasunak, eta ikustea gauza gehienetan adostasuna eta elkarrizketa sustatu ahal izan ditugula. Urtero aurrekontuak onartu egin ditugula, aurrekontu nahiko zentzuzkoak kasu guztietan. Goxoa ere ikustea zer nolako posizioa dugun datozen hauteskundeei begira. Langileekin lortutako giroa eta harremana era goxoa izan da. Ikastolako obra ere bideratua dago, gure programan jartzen zuen bezala. Asko izan dira une goxoak.

Latza, aurkarien jarrera. Ez da polemika sortzeari begira, baina EAJren jarrera hitz egiteko, elkarlanean aritzeko eta negoziatzeko ez da egokiena izan. Hasieratik bertatik, udaletxera lehen aldiz sartu ginenean ez zen inor egon harrera egiteko.

Aiara Batuz-en jarrera ere ez da egokiena izan, eta hori izan da agian dezepziorik handiena. Ikusten genuelako beraiek ere aldaketarekin bat egiten zutela, baina gero ikusi behar da zer nolako oztopo lana egin duten batzar eta osoko bilkuretan. Azken bi aurrekontuen aurka bozkatu dute, lanpostuen balorazioaren aurka ere bozkatu zuten, osasun zentroaren proiektuarekin ere oztopoak jarri dituzte... harritu egin gaitu. Pena izan da, ez dugulako elkarlanerako beta izan. Niretzako politika gauzak egitean datza. Eta ez dut jarrera hori ikusi.

Bukatzeko, zeintzuk dira datorren legealdirako lan ildoak?

Gaur egungo jarrerarekin jarraitzea. Parte hartzearen kontua sustatzeko. Aiara oso herri txikiz osatua dago eta zaila da komunikatzea. Guk izango dugu horren gaineko erantzukizuna, baina parte hartzea hobetzen saiatu garela esango nuke. Etorkizunera begira harremanak sakondu behar ditugu Batzar Administratiboekin, eta horretan arituko gara.

Mendizerraren kontua ere gurea izan da, Aiara Batuz-ek dioenaren kontra. Orain lantzen ari garen kudeaketa plana gure programaren baitakoa zen hasieratik. Elikadura subiranotasuna ere garatu nahi dugu. Farmazia-botikinaren proiektua ere aurrera eramango dugu. Diru publikoarekiko errespetua ere mantendu nahi dugu. Dirua ez da besterik gabe xahutzeko, behar denean gastatzeko baizik. Zentsu horretan berdin jarraitzea da gure asmoa. Horretan gaude.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide