"Gu baino, uste dugu Etxaurren Ikastolako ibilbidea aitortu dutela"

Aitor Aspuru Saez 2017ko api. 10a, 07:00

Aiarako Jaietako aurtengo pregoilariak.

ANGOSTO MAGUNAZELAIA, BLANCA DUÑABEITIA eta ESTIBALIZ BIDEGUREN Etxaurren Ikastolako irakasleak izango dira aurtengo Aiarako Jaietan pregoilariak. Ikastetxearen historia eta herrian izan duen eragina azaldu dute.

Nola jaso duzue pregoilari hautatzea?

ESTIBALIZ BIDEGUREN: Izututa, ilusioz eta arduraz. Hala ere, eskertuta ikastolaz eta gutaz oroitu direlako.

Herrian eta ikastolan egindako lana, euskarari emandako bultzada eta emakumeak izatea ere aitortu dizuete. Zer deritzozue?

BLANCA DUÑABEITIA: Guri ez ziguten zehazki horrela azaldu. Izan ere, irakaskuntzan gehienok gara emakumezkoak eta hemengo klaustroan, zehazki, guztiok, baita jantokian, garraioan... Etxaurren Ikastolaren ibilbide osoa emakumezkoek egin dute. Eta euskaldunak garela argi dago.

ANGOSTO MAGUNAZELAIA: Zuzendari ia guztiak ere emakumezkoak izan dira. Hala ere, guretzat Etxaurren Ikastolak egindako lana aitortu dute. Gure gain erori da ardura denbora gehien eman dugulako hemen.

Zuek landatutako haziek emaitzak eman dituzte?

B. D.: Nik ez dakit hazi horiek guk landatu ditugun, baina bai. Guztion lana izan da.

A. M.: Hemen ikasi dutenek ardura ere hori badute eta nabarmena da.

Zertan nabaritzen duzue?

A. M.: Azken Eskola Kontseiluan 30 lagun inguru elkartu ginen eta ia batzar osoa euskaraz egin genuen. Aldaketa nabaria da eta ez gara oso urrutira jo behar. Duela 10 urte ezinezkoa zen. Guraso gehiagok dakite euskaraz, zehazki, gure ikasleak izandakoak. Orain euren seme-alabak hemen daude. Hasierako gurasoek ikastola bultzatu zuten, eta egungoek euskaraz dakite. Elkarrizketak ere, geroz eta gehiago egiten ditut euskaraz, oraindik gehiengoa gazteleraz bada ere.

B. D.: Nahiz eta, agian, %100ean euskaraz ez egin, kezka hori bistakoa da. Etxeetan euskararen ardura badago, nahiz eta batzuetan euren harremana gazteleraz izan. Eta etxeko lanetan ere nabaritzen da gurasoek laguntzen dutela.

E. B.: Herrian kultura taldeek ere aintzat hartzen dute euskara: karteletan, izenetan... Udalak ere lan egiten du.

Nolakoa izan da Etxaurren Ikastolako eraldaketa?

E. B.: Hasi ginenean Arespalditzan geunden, jantokia Toboso taberna zen eta jolastokia plaza. Eraikina oso zaharra zen eta ez zen oso egokia. Ez geneuzkan komunak irakasleontzat.

A. M.: Ezberdintasuna bistako da, zentzu horretan. Lehen fotokopiak egiteko, jo behar genuen udaletxera edo multikopista erabili, orain baditugu bitartekoak. Azpimarratu beharra dago, guk proposatu arren, gurasoek erabaki zutela B eredutik D eredura jauzi egitea. Urrats garrantzitsua izan zen.

B. D. Funtzionamendua ere aldatu da, lehen itunpeko ikastetxea zen eta orain Administrazioaena da. Lehen kontseilua osatzen zuten guztiz gizonek eta orain Guraso Elkartean denak dira emakumezkoak. Gainera, hasiera 50 ikasle inguru ditugu eta orain 222.

Zuen ikasleak dagoeneko gurasoak dira eta bere seme-alabak ikastolan daude.

B. D.: Bai, kasu batzuetan deigarria da nola aldatu den euren eskaera maila. Guraso lanetan askoz zorrotzagoak dira ikasleak zirenean baino. Egia esanda, eskertzekoa da inplikazio hori hezkuntzan.

Umeak ikasleak izandako gurasoekin alderatzen dituzue?

B. D.: Ez. Ikasle ugari izan dugu eta zaila da hainbeste denbora igaro ostean, norbait gogoratzea. Bakarrik oroitzen dituzu arrazoiren bat dela medio markatu zaituztenak.

Eta pregoiaren ostean zer, egingo duzue?

B.D.: Gozatzera! Pregoiaren tragoa igaro ondoren, bestelako tragoak hartuko ditugu.

A.M.: Aiarako Jaietan askotan egon gara eta primeran pasa dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide