EAJko Gentza Alamillo nagusitu da Aiaran, gehiengo absolutua erdietsita

Erredakzioa 2019ko mai. 26a, 22:44

Gentza Alamillorena izan da zerrendarik bozkatuena.

EAJ izan da berriz ere alderdi bozkatuena, eta oraingo honetan gehiengo absolutua erdietsi du (7 zinegotzi). Bigarren alderdi bozkatuena EH Bildu izan da, 3 zinegotzi eskuratuta. Azkenik Aiara Batuz taldeak zinegotzi bakarra eskuratu du, 15 botoren faltan ez du bigarrena eskuratu. Alderdi jeltzaleak beraz, gehiengo absolutuarekin gobernatu ahal izango du Aiarako Udala datozen lau urteetan.

Alderdi jeltzaleak argiki irabazi ditu udal hauteskundeak Aiaran, 873 herritarren babesa eskuratuta (emandako botoen %52.21). Bigarren zerrenda bozkatuena Karmele Poblacion buru zuen EH Bildurena izan da; 401 boto eskuratu ditu talde abertzaleak (%23.98). Azkenik, Aiara Batuz taldeak 235 boto eskuratu ditu (%14.06). Ordezkaritza ez dute eskuratu PP-k (72 boto, %4.31) eta PSE-EE-k (63 boto, %3.77).

 

Zinegotzi banaketaz gainera, nabarmentzekoa da 2015 udal-hauteskundeekin alderatuta, alderdi jeltzaleak 12 puntu egin dituela gora emaitzetan, bi zinegotzi gehiago eskuratuta (2015ean botoen %40.2 eskuratu zuen), EH Bilduk behera egin du 11 puntu, eta zinegotzi bat galdu du. Aiara batuzek oso gutxi egin du behera, 1.14 puntu hain zuzen ere, baina zinegotzi bat galdu du (15 botoren faltan ez du bigarrena eskuratu). 

Parte hartzeari dagokionez, 2317 herritar zeuden deituta bozkatzera, eta 1699k erantzun diote deialdiari. Abstentzioa, beraz, %26.67 izan da, 2015ean baino %1.26 gutxiago. Espainiako Barne Ministerioak baieztatu dutenez,28 bozka zuri egon dira, eta 27 izan dira baliogabeak.

Gentza Alamillo: “Herritarrek lau urteotan egindako lana baloratu dute”
Hauteskundeetako irabazlearekin harremanetan jarri da Aiaraldea Gaur hedabidea, bere lehenengo balorazioa jasotzeko. Alamillok nabarmendu Aiarako herritarrek lau urteotan egindako lana saritu dutela, eta "datozen lau urteetan garatzeko programa ere baloratu" dutela. Aiarako alkate bezala errepikatuko duen luiaondoarrak adierazi du oso pozik dagoela emaitzekin, partaidetza nabarmendu du, eta gehiengo absolutua izan arren "orain arte bezala akordioak eta elkarlana" euren ipar izango direla adierazi du.

Zinegotzien zerrenda berria
Ondorioz, ondorengo zinegotziek osatuko dute Aiarako Udala:

  • GENTZA ALAMILLO UDAETA  (EAJ/PNV)
  • IÑIGO PINEDO VADILLO  (EAJ/PNV)
  • MONTSE ANGULO SOLLOA  (EAJ/PNV)
  • JOSE ANTONIO BARTOLOME PESQUERA  (EAJ/PNV)
  • SUSANA MARTIN BENAVIDES (EAJ/PNV)
  • ITXASO GORBEÑA ALLENDE (EAJ/PNV)
  • UNAI CAMPO ARENAZA (EAJ/PNV)
  • KARMELE POBLACIÓN MARTÍNEZ (EH Bildu)
  • JOSE A. GORBEA ALONSO (EH Bildu)
  • MARIAN MENDIGUREN MENDIBIL (EH Bildu)
  • IRACHE PARRO UZQUIANO  (Aiara Batuz)

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide