Ertzaintzak laguntza eskatu die herritarrei Luiaondon bi pertsona harrapatu zituen motor gidaria identifikatzeko

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 30a, 16:27

Erreskatearen irudia. / Ertzaintza

Ertzaintzak zenbait bide eskaini ditu, herritarrek informazioa eman dezaten. Istripua azaroaren 21ean gertatu zen Luiaondoko mendi bide batean eta bi lagun larriki zauritu ziren. Biak harrapatu zituen motor gidariak ihes egin zuen.

Ertzaintzak eskaera zabaldu die herritarrei, azaroaren 21ean Luiaondotik Pagolarrera igotzen den bidean jazotako harrapaketa argitzeko. Ezbeharrean bi herritarrek zauri larriak pairatu zituzten eta helikopteroz erreskatatzeko beharra egon zen. Istripua eragin zuen motor gidariak biktimei esan zien laguntza bila joango zela, baina ez zen itzuli.

Poliziak azpimarratu du ihes egindako gidariak matrikularik gabeko mendi motozikleta zuela. Horregatik, baliogarria izan daitekeen informazioa duen edonork zenbait bide ditu Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko:

  • Laudioko Ertzain Etxea: 944 063 860 eta adm_laudio@ertzaintza.eus posta helbide elektronikoa.
  • Larrialdietara lotuta ez dauden deiak egiteko telefonoa: 900 103 584
  • Posta helbide elektronikoa: contacta_app@ertzaintza.eus
  • Whatsapp edo SMS mezuak bidaltzeko telefonoa: 677 999 555

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide