"Errugbian ez dago errespetu faltarik"

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 7a, 08:30

Mikel Arberasek urte luzez jokatu du errugbian Euskadiko Selekziora heldu baino lehen./ Aiaraldea.eus

MIKEL ARBERAS (Agiñiga, 2003) Universitario Bilbao Rugby Taldeko kidea da eta Euskadiko Selekzioarekin 4. postua eskuratu zuen duela aste gutxi Espainiar Estatuko txapelketan.

Duela gutxi egon zara Euskadiko Selekzioarekin Estatu espainiarreko errugbi txapelketan, nola laburtuko zenuke egindakoa?

Esperientzia ikaragarria izan zen, txapelketa horretan baitzeuden estatuko onenak. Pasa den astean egin zuten publiko nortzuk hautatu zituzten Espainiako Selekzioan aritzeko eta txapelketan egon ziren hoberenak. Ikasteko oso aukera egokia izan zen eta esperientzia oso ona. 

Partida bakarra galdu zenuten, ezta?

Bai, lehenengo partida. Gure lehen norgehiagoka izan zen elkarrekin eta martxan jartzea kostatu zitzaigun. Hori bai, gero hartu genuen eta beste partidak irabazi genituen. 

Zer nolako ekarpena izan zen zurea txapelketan?

Bi entsegu egin nituen -futbolean bere baliokidea izango litzateke gola- eta asko jolastu nuen, guztiok bezala. 12 baino ez ginen taldean eta nahiz eta partidak 14 minutukoak izan, oso gogorrak dira, aldaketak egin behar dira etengabe. 

Maila aldaketa nabaritu zenuen?

Bai, beste maila bat zen. Hala ere, ni ondo sentitu nintzen eta maila altua erakutsi nuen. Ondo egon zen. Beste taldeko jokalariak onak ziren, baina gu, eta ni pertsonalki, oso ondo senitu nintzen.

Zer moduz moldatu zinen taldekideekin?

Oso ondo. Gehienak gipuzkoarrak ziren. Euskal Txapelketan tentsioa badago partidetan, eta batzuetan pikeak guztion artean, baina autobusean zein entrenamendutan oso harreman ona garatu dugu. Guztion artean kimika handia egon da.

"Euskal Txapelketan gure artean tentsioa badago partidetan, baina Euskadiko Selekzioan oso harreman ona garatu dugu"

Elkarbizitza ona izan zen. Xixonen hotel batean egon ginen eta han zeuden Andaluzia eta Gaztela eta Leongo jokalariak, giroa ezberdina zen.

Elkarbizitza ezberdina izan zen, beste taldetako kideak ezagutu genituen eta lagungarria izan zen gero.

Zein postu hartzen duzu zuk zelaian?

Azaldu beharra dago denboraldi arruntean errugbi 15 jokatzen dugula, 15 jokalarirekin, baina errugbi 7 txapelketa izan zen hau da, 7 lagunekin. Azkarragoa da.

Alde batetik, irekiera jokatu nuen. Postu horretatik banatzen da jokoa eta erabaki behar da zer egin. Horrez gain, erdian eta hegalean ere jokatu dut. 

Nire ezaugarri onenak dira abiadura eta defentsei iskin egiteko trebezia. Horrez gain, fisikoki ondo eusten diet partidei. Beste batzuk minutu bakarrean nekatuta daude, baina ni ez.

Jokoa banatzea ardura handia izan zen?

Bai, hanka sartuz gero, zu zara arduradun bakarra. Dena den, ondo egin nuen. Jakina, akats batzuk egin nituen, guztiok bezala. Partida bukatzear dagoenean, nekatuago zaude eta errazagoa da kale egitea. 

Nola heldu zara Euskadiko Selekziora?

2012an hasi nintzen errugbian jokatzen Amurrion. Lehenengo urteetan Amurrion aritu nintzen, baina gero ez zegoen nire adineko jenderik.

2003an jaiotakoen artean bakarrik ni nengoen bakarrik, orduan hasi nintzen joaten Gernikara. Urtebete egon nintzen han, baina ez nuen konpromiso handirik sumatu Gernikaren aldetik eta aldatu nuen taldea.

Bilbora heldu nintzen eta hor izan zen aldaketa nabariena eta garrantzitsuena. Sub-14tik Sub-18ra egon naiz, ia 6 urte.

Azken urte hauetan fisiko handia garatu dut eta hori ezinbestekoa da, errugbia oso fisikoa baita. Iaz joan nintzen entrenatzera, baina pandemiaren ondorioz guztia geratu zen bertan behera.

Aurten deitu ninduen federazioak Arrasatera joateko, Euskadiko Selekzioak jokalariak hautatuko zituelako 5 saiotan. Horien artean egon nintzen. Ibilbide gogorra izan da.

Zergatik uste duzu osatu zarela jokalari moduan Bilbon?

Joan ginenean proiektu bat zegoen, entrenatzaileak konprometituta zeuden saioetara joateko eta liga zegoen. Astebururo jokatzea oso garrantzitsua da trebatzeko, jarraikortasuna izateko. 

Urte batzuetan agian entrenatzaileak ez ziren oso onak, baina aurrera jarraitu dugu eta ondo atera da, pandemia egon arren.

Zer eman dizu errugbiak urte hauetan guztietan?

Ia guztia, jende asko ezagutu dut, Bilbon lagun bikainak ditut eta hori bizitza osorako geratuko da.

Errugbiak baditu balio batzuk beste kiroletan ez daudenak. Adibidez, partida amaitu ostean hirugarren zatia daukagu, beste taldearekin. Eurekin hitz egiten dugu eta harremanak oso onak dira. Errespetu faltarik ez dago. 

"Errugbiak ia guztia eman dit, lagunak eta jakitea etorkizunean zer egin nahi dudan"

Esaterako, epailearekin kapitainak baino ezin du hitz egin. Hori lagungarria izan da niretzat bai kalean zein ikasketetan. Lagundu nau jakiten zer egin nahi dudan hurrengo urteetan.

Etorkizunerako zein da zure planteamendua? 

Ariketa Fisiko eta Kirolaren gradua ikasiko dut eta Gasteizko EHUn matrikulatzen banaiz, agian Bilboko taldea utzi beharko dut Gasteizko klubean jokatzeko lau urtez, ikasketak bukatu arte. Gero Bilbora itzuli nahi dut, han baititut lagunak.

Animatuko zenuke jendea errugbira jokatzen?

Bai, oso fisikoa da, baina kirol horren alde ona da jende guztiak jolastu ahal duela. Izan zaitezke lodia edo argala, baina postu bat egongo da jokatzeko. 

Profesionala bazara ez, baina eskola kirolean edonork jokatzen du. Ez da futbola bezala. Amurrion ez dago jende asko jokatzen orain, baina Bilbon gero eta gehiago dago. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide