Beasain eta Zornotzako ziklokrosak irabazi zituen Aiala Txirrindularitza Elkarteak asteburuan, Asier Beraza eta Hodei Muñozekin

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 19a, 08:00

Aiararrek oztoporik gabe eraman zuten taldeko saria Zornotzan. / Aiara T. E.

Aiala Txirrindularitza Elkarteko kadeteek ziklokrosa menperatzea lortu dute. Iragan asteburuan, esaterako, Zornotza eta Beasaingo podiumak hartu zituzten.

Aurtengo ziklokros denboraldian agintzen ari da Aiala Txirrindularitza Elkartea kadeteen artean. Horren adibidea izan zen pasa den asteburua. Aiararrek Beasain eta Zornotzan irabazi zuten larunbatean eta igandean, hurrenez hurren. Hain zuzen, Gipuzkoan Asier Beraza izan zen lehena sailkapenean eta, Bizkaian, ordea, Hodei Muñoz.

Baina hori ez zen izan albiste on bakarra. Arespalditzarrarekin eta luiaondoarrarekin batera txirrindulari gehiagok lortu zituzten emaitza bikainak. Beraza bigarren izan zen Zornotzan, eta han ere bosgarren eta seigarren sartu ziren helmugan Iñigo Uria eta Erlantz Alday, hurrenez hurren. Bigarren sailkatua Beasainen, aldiz, Oier Colmenero izan zen.

Taldeko prestatzaileek, edonola ere, nabarmendute dute talde osoaren lorpena izan dela, guztiek egin baitute lan zentzu berean eta nabarmentzeko moduko maila erakutsi dute. Nola ez, eta merezimendu osoz, taldeko saria Aiarara eraman zuten txirrindulariek.

Alcobendas eta Lezama asteburuan, geroago Ibaguen

Gauzak horrela, ziklokros taldeak bi hitzordu ditu asteburuan. Alde batetik, Lezaman egongo dira larunbatean. Bestetik, igandean Alcobendasera joko dute Asier Berazak, Hodei Muñozek eta Iñigo Uriak, Espainiako Kopan lehiatzeko. Horretarako emaitza onak eskuratu zituzten Galizian, Laudion eta Karrantzan.

Hodei Muñozen kasuan, azpimarratu behar da duela pare bat aste mina hartu zuela Laudioko ziklokrosean, baina orkatilan izandako lesioa ez da eragozpena izan Zornotzan irabazteko.

Taldeko arduradunek uste dute aurtengo arrakastak baduela zerikusirik klubak egindako apustuarekin ziklokrosaren esparruan duela 15 urtetik gaurdaino. Hori dela medio, irrikaz itxaroten ari dira Aiaran, etxean, egingo duten lasterketa. Ibaguen herrian izango da zita, abenduaren 26an.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide