Hierros Añon enpresa galiziarrari saldu dio Tubacexek Tubos Mecanicos enpresa, 25 milioi euroren truke. Enpresa horrek barra eta hodien banaketan dihardu eta sei biltegi ditu, ondorengo tokietan kokatuta daudenak: Bartzelonan, Zaragozan, Galizian, Madrilen, Valentzian eta Aiaran. Azken azpiegitura hori Murgako poligonoan kokatuta dago eta Tubos Mecánicos Norte bezala da ezaguna. 12 langile ditu gaur egun, iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari baieztatu diotenez.
1973. urtean sortu zen Tubos Mecánicos, eta bere jarduna beti egon da Tubacexi lotuta. Baina multinazionalak “aktibo ez-estrategikotzat” jo du enpresa, eta horregatik gauzatu du salmenta, “balantze ekonomikoa indartzeko eta hazkundeko etorkizunari heltzeko, trantsizio energetikoari lotuta”.
Plan estrategikoaren barruan
Tubacexek adierazi du Tubos Mecanicos-en salmenta bere plan estrategiko berriaren parte dela. Multinazionalak aurreratu duenez, 2022ko lehen hiruhilekoan aurkeztuko dute plangintza hori, eta mota honetako beste “desinbertsio” batzuk barnebilduko ditu. Era berean, inbertsioak egingo ditu “aktibo estrategikoetan”.
Hierros Añon
Enpresa galiziarra da Hierros Añon eta siderurgiazko produktuen ekoizpen eta salmenta du ardatz. Orain eskuratu dituen biltegiekin, 33 banaketa-puntu ditu guztira, eta baita 8 fabrika ere, Espainiako Estatuan eta Frantzian. Tubos Mecanicos xurgatuta, 850 langile ditu guztira konpainiak.
Lan baldintza duinen aldeko borroka
Greba mugagabea abiatu zuten Tubos Mecanicos Norteko langileek iaz, lan hitzarmen duina aldarrikatzeko. Salatu zutenez, euren lan baldintzak Tubacex taldeko gainontzeko fabriketakoak baino nabarmen kaskarragoak ziren.
Baina lanera itzultzea erabaki zuten 112 egun beranduago, COVID-19aren krisia dela. Izan ere, greba eginda enpresari kaltea baino, mesedea egiten ziotela ondorioztatu zuten.