EGITARAU OSOA

Apirilaren 22tik 31ra luzatuko dira Aiarako jaiak, bi urteko etenaldiaren ostean

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko api. 6a, 13:25

2019an ospatu ziren azkenekoz San Prudentzio jaiak Aiaran. / Aiaraldea.eus

Apirilaren 22an hasiko dira, bi urteko etenaldiaren ostean, Aiarako jaiak. Aurten ere Arespalditza izango dute epizentro, eta Aiarako Udalak autobusak antolatu ditu Artziniega, Laudio, Amurrio eta Aiarako herritarrak jai-girora hurbildu daitezen.

Bi urteko etenaldiaren ostean, bueltan dira Aiarako San Prudentzio jaiak. Apirilaren 22tik apirilaren 31ra bi asteburuz luzatuko da festa, eta egitarau zabala prestatu dute udalerria girotzeko. Ohi bezala, Arespalditza izango da festen epizentroa.

2019an ospatu ziren azkenekoz festak, eta orduko jai-giroa berreskuratu nahi dute antolatzaile eta herritarrek aurten:

Egitaraua

Apirilaren 22an txupinazoarekin batera lehertuko dira jaiak Aiaran. Aurretik, eraso sexisten aurkako espazioa irekiko dute, eta zabalik mantenduko dute festak iraun bitartean erasoak salatzeko. 19:30tatik aurrera, gaueko ordu txikiak arte, Fanfarre Beti Jai, Luhartz eta Oihan Vega arduratuko dira herria girotzeaz. Aurretik, Aiara Dantza Taldeko kideek ikuskizuna eskainiko dute.

Apirilaren 23a -larunbata- izango da egun handia. Goizean goiz Arabako txakur erakusketaren Open-a egingo dute. Kirol egitarau zabala izango da egun horretakoa: 11:00etan Duatloi Txiki egingo dute eta 16:30ean Txirrindularitza Sari Nagusian kadete kategoriako kirolariak lehiatuko dira. Pertsona nagusiek 13:00etan izango dute hitzordua Nafarroako jota talde batek girotutako XXX. agureen luntxean.

Iluntzean Xaibor DJak, Akerbeltz erromeriak eta DJ Markelinek hartuko diete lekukoa aurreko eguneko musikariei, 18:30etatik aurrera. Igandean, berriz, Arespalditza-Izoria-Arespalditza ibilbide morea eta emakumezkoen herri-kirol erakusketa izango dira egitarauko protagonistak. Patxi Perezek dantzaplaza gidatuko du 19:30ean eta 20:00etan odolosteak banatuko dituzte.

Bigarren asteburua

Egitarauak hurrengo astean izango du segida. Apirilaren 27an  boloen jaurtitzea egingo dute Kexaako bolatokian, goizez zein arratsaldez. San Prudentzio egunean artisau produktuen azoka egingo dute, eta mezaren ostean Izalde koralak kontzertua eskainiko du. Eguerdian danborrada egingo dute Etxaurren Ikastolako haurrek. Arratsaldean Luiandoko frontoian pilota partidak egingo dituzte, eta Puro Relajo taldeak kontzertua eskainiko du, egunari amaiera emateko.

Jaietako egitaraua apirilaren 31n itxiko dute, Lantenoko eskoletan. Bertan, Idoia Mielgok eta Jose Luis Urrutiak ikuskizuna eskainiko dute: Cuando la novela seduce a la poesia y viceversa.

Autobus zerbitzua

Aiarako Udalak autobus zerbitzua jarriko du Aiaraldeko herritarrak jaietara bertaratu daitezen. Artziniegatik eta Laudiotik autobus bana aterako da ostiral eta larunbat arratsaldean. Artziniegakoa 20:30ean abiatuko da bi egunetan, eta Lantenon (20:40), Menagarain  (20:45) eta Ibaguenen (20:55) egingo ditu geldialdiak. Itzulera 4:00etan egingo du Arespalditzako bus geltokitik, eta herri berdinetan geratuko da.

Laudiotik abiatzen den busa 21:20etan aterako da Institututik ostiral zein larunbatean. Autobusa Luiaondon (21:30), Amurrion (21:40) eta Murgan (22:50) geratuko da Arespalditzara iritsi aurretik. Bueltako garraioak geldialdi berdinak egingo ditu, eta 5:00etan abiatuko da Arespalditzatik.

Montse Angulo kultura zinegotziak nabarmendu du "oraindik osasun-egoera guztiz normala ez den arren, Aiarako jaietaz gozatzeko aukera egongo dela". Zentzu horretan, eskerrak eman nahi izan dizkie jaiak antolatzen aritu diren Aiarako elkarte eta norbanako guztiei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide