JOSEBA TERREROS

“Aiarako kontzejuak erreferente dira elkarteen jarduerari esker”

Aitor Aspuru Saez 2022ko api. 7a, 12:00
Joseba Terreros Arabako Kontzejuen Elkarteko presidentea da. / Aiaraldea.eus

JOSEBA TERREROS (Arespalditza, 1981) berriro izango da Arabako Kontzejuen Elkarteko presidentea eta erakunde txiki horien egoerari buruz mintzatu da.

Berriki hautatua izan zara berriro Arabako Kontzejuen Elkarteko presidente, nolakoa izan da prozesua?

Duela lau urte, 2018an, soilik aurkeztu genuen hautagaitza bakarra, nik Lideratzen nuena. Azken hauteskundeetan bi zerrenda egon dira. Gure kasuan ildoa jarraikortasunaren aldekoa da. Bakarrik aldatu ditugu bi zerrendakide, arrazoi pertsonalen ondorioz. Beste bi batu dira, baina ikuspuntu berarekin. 

Lurralde zati handia hartzen dute kontzejuek, nola egiten du AKEk lan egunerokotasunean?

AKEk ordezkatzen ditu administrazio batzarretako kideak. Hau da, aholkularitza eskaintzen DIOGU kontzejuak kudeatzen diuten jendeari. AKE ez da inor esateko zer egin behar duten. Izan ere, kontzejua da sistemako adierazpen demokratikoena. Norbanako bakoitzak boto bana du eta batzarrak erabakitzen duena egikaritzen da. AKEk aholkularitza ematen du, jakin dezaten erabaki horiek gauzagarriak diren edo ez. Gure betebeharra da kontzejuen erabakiak errespetatzea. 

Zure ustez, kontzejuek behar dute euren erakunde izaera aitortzea, zergatik?

Badirudi, kontzejuen figura nabarmendu gabe, atzean geratzen zarela. Gainera, badaude zenbait aurreiritzi. Adibidez, batzuk pentsatzen dute herrietan bizi direnak lehen sektorean aritu behar direla edo herrian bizitzeagatik hirikoek baino trebakuntza gutxiago dutela. Hori ez da horrela eta XXI. mendean hiritarrak bezain trebatuak gaude herrietan. 

Guk erabaki dugu herri batean bizitzea eta, jakina, ezin dugu exijitu hiri batek dituen zerbitzuak, baina baditugu gauzak hirian ez daudenak. Horregatik, erakundea errespetatu behar da, baita bizitza eredu hori hautatu dutenak ere. 

Araba oso lurralde zabala eta anitza da, zuen artean esperientzien trukea egiten duzue?

Urtero zenbait jarduera egiten ditugu. Pandemiaren ondorioz, mugatu behar izan ditugu, baina urtero antolatzen dira jardunaldiak gai ezberdinekin eta batzen gara. Jakina, batzarrak dira topagunea.

Bestalde, egun dauden teknologia berriekin kuadrillek euren taldeak dituzte komunikatzeko eta horrek sortzen du elkarrekintza.

AKE bultzatzen ari da sare sozialen erabilpena etengabe, jende gaztea lotzeko, euren herriekin konprometitu daitezen. Gainera, gure irratsaioa da gehien entzuten dena Gasteiz Irratian. 

Horrek guztiak eragiten du elkarrekintza eta interes bereko lagunak elkartzen ditugu.

Zuk hurbilen dituzun kontzejuen artean, zer goraipatuko zenuke?

Ni aiararra naiz eta niretzat hemengo kontzejuak erreferente dira Araban. Aintzat hartu behar da kontzeju arabarrak, berez, badirela erreferenteak estatuan. Aiaran elkarteen jarduera ikusgarria da eta horrek eragiten du gizartea aktiboagoa izatea. 

Gurean kontzeju eredu ezberdinak ditugu. Badaude txikiak direnak eta bizirauten dutenak, gehienbat, lehen sektoreari lotuta. Horrez gain, badaude kontzeju handiak, Luiaondo edo Arespalitzakoak bezalakoak. Horietan biztanle berrien integrazioa egin behar da, eta bestelako beharrak dituzte, herri txikiekin alderatuta. 

Zein izan da kontzejuen lana pandemian?

Guk ez dugu osasun eskumenik, baina gu diru-laguntzen prozeduren inguruan antolatzen gara eta pandemia agertu zen obrak egikaritu behar genituenean. Oso zaila izan zen, itxialdi ezberdinek ezinezkoa egiten zuten ezer antolatzea. 

Obra bat egiteko orduan, presidentea ez bazegoen berrogeialdian, enpresaburua zen. Hondamendia izan zen, eta, hala ere, ia guztiak bukatu ziren.

Gure beste eskumen bat jaiak dira eta ezin izan genituen antolatu. Gurean garrantzitsua den beste elementu bat da gizarte etxea. Leku batzuetan oraindik itxita daude. 

Aurreikusi ez genuena izan zen jende pilo etortzea gure herrietara. Aparkaleakuak eta abar kudeatu behar izan genituen. Horrez gain, egon ziren gatazkak zenbait portaera bidegaberen ondorioz.

Pandemiak ere ekarri du jende asko erroldatzea herri txikietan. Orain ikusiko dugu geratuko diren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide