19:00etan hasi ziren Sanprudentzioren omenezko festak, eta jendez betetako karpak eman zion segida ekintza maratoiari. Jaietako marrazki lehiaketaren sari banaketa izan zen lehenbiziko ekitaldia, eta ondoren Aiara Dantza Taldearen emanaldiak hartu zion lekukoa. Bi urteko etenaldiaren ondotik, positiboki baloratu du Gentza Alamillo Udaeta alkateak festen berhartzea: "Pandemia hasi zenean lehen udalerria izan ginen jaiak bertan behera uzten, eta pozik gaude berriro kalean gaudelako".
"Aiarako jai eta kultur elkarte guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eurei esker festak berriro martxan baititugu", erantsi du Aiarako alkateak. Ildo beretik, bertaratzen diren guztiei festez gozatzeko deia luzatu die gobernuburuak.