Euri abisua ez da oztopo izan Aiarako jaietako duatloi txikia egiteko. 11:00etan zegoen finkatuta hitzordua Iñaki Isasi taldearen eskutik, eta hamarnaka haur zein guraso animatu dira kirol proban parte hartzera. Arespalditzako plazan kokatutako karpa izan da irteera eta helmuga gunea. 2008 eta 2014 urte bitartean jaiotakoek hartu dute parte, adinaren arabera egokitutako zirkuitua osatuta.
Koskorrek (2008-2009 urteetan jaiotakoek) 1.100 metro osatu behar izan dituzte korrika, eta 2.100 metro bizikleta gainean. Kumeek, aldiz, (2010-2011) 800 metro burutu dituzte lasterketa eta 1.400 metro txirringan. Eskola kategorian, berriz, 2012-2013 urteetan sortutakoak pilatu dituzte; zirkuituan barrena 400 metro korrika eta 700 bizikletarekin egiteko. Azkenik, proba irekia egon da, 2014. urtetik aurrerakoek ere duatloiaz gozatzeko. Azken horiek 300 metrori egin behar izan diete aurre korrika, 400 metroko bizikleta ibilbidearekin helmugaratzeko.
Ekimen herrikoia izanik, guztiak izan dira irabazle. Arratsaldean, ordea, txirrindularitzak hartu dio lekukoa. Hain zuzen, Jesus Isasi Txirrindularitza Sari Nagusia jokatu da Aiaran barrena.