Ostiralean hasi ziren Aiarako jaiak. Ekintza asko izan dituzte ordutik hona, eta igandean ere ez dute jai hartu. Horren adibide da lehenbiziko aldiz antolatutako 'Igande morea'. 2020. urtean bezala, emakumeen herri kirolen erakustaldia eta lehiaketa egin dituzte batetik.Alabaina, hortik harago ere, handia izan da emakumeen parte hartzea. Izan ere, profesionalek ez ezik, herritarrek ere izan dute ekimenaz gozatzeko parada: txinga proba herrikoia egin dute txosnagunean zeuden emakumeen artean. Hala, 25 kiloko txinga bana eskutan distantzia gehien nork egin izan da apustua. Irabazleak urdaiazpiko bat eraman du etxera; Izaskun Ugartek hain zuzen.
Urrezko aizkolariak egitasmoaren baitan, Irati Astondoa nagusitu da aizkoran, enbor kana bateko aldea atera die beste bi kideei. Alabaina, harri jasotzaileak ere aritu dira nor baino nor. Ane Zinkunegik eta Udane Ostolazak forma eta kilo anitzetako harriak altxatu dituzte; eta aizkora apustuan Claudia Muñoz eta Beatriz Camp lehiatu dira Astodoarekin batera.
Erakustaldiaren ondotik, batukada feministak girotu du karpa. Bestalde, Aiaraldeko Mugimendu Feministaren historiari buruzko erakusketa ere egon da ikusgai.