Ilusioz. Hala bizi izan zuen Aiarako Txirrindularitza Elkarteak larunbatean jokatutako XLI. San Prudentzio Saria-Jesus Isasi memoriala. "Ilusio handiarekin egin genion aurre probari. Etxeko lasterketa izan zen, gure jendearekin", adierazi dute sare sozialetan. Bizkaia eta Kantabriatik (Espainiako Estatua) bertaratu ziren taldeak, Aiarako Birari jarraiki, "baina klimatologiak ere ez zuen lortu besoak jaistea; euritan igaro arren arratsalde osoa".
Igoera askodun etapa izan zen, Arespalditza 6 aldiz zeharkatu behar izan baitzuten txirrindulariek, eta Agirre auzotik 5 bider igaro behar izan ziren. Aiara Txirrindulari Elkartearen hitzetan, zirkuitu berria prestatu dute aurten, "publikoari ekimena ikustea errazteko".
Lehia aurreikusia zegoen, aukera ugari baitzeuden Aiarako Birako estrategiak errepikatzeko. Modu horretan lortu zuen Aiara Txirrindulari Elkarteak, esaterako, Harri Paskier lasterketa buruan kokatzea: "Aimar Quintana eta Mario Gomezen laguntzarekin egin zuen ihesaldia probaren erdialdean; Aiarako Biran protagonista izan ziren 2 kirolarirekin". Hirukoteak tartea atera zion pelotoiari metan, baina Harri Paskierrek hirugarren bukatu zuen proba; Quintana eta Gomezen atzetik: "Lasterketa izugarria egin zuen".
Elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak omendu zituzten sari banaketan, "interes propiorik gabe urte askotan eginiko lana eskertzeko". Izan ere, kargu aldaketa etorriko da laster. Horietako batzuk 1979. urtetik gaur arte egon dira gidaritzan, "elkartea eratu zenetik". Iñaki Isasik hartu du zuzendaritzaren lekukoa. "Espero dugu eurek 40 urtez eginiko lana bezain ongi betetzea guk ere", nabarmendu du elkarteak sare sozialetan. Erreleboa eman aurretik, txapela bana eman zieten oroigarri gisa Pedro Etxegureni, Eduardo Ruizi eta Angel Aspururi. "Juan Antonio Alaña ezin izan zen egon, baina bere txapela eta gure eskerrak helaraziko dizkiogu":
Bestalde, Asier Berazak igandean Gorlizeko MBT proban hartu zuen parte, eta lehen postuarekin etxeratu zen handik; bezperan Aiarako lasterketan ere parte hartu bazuen ere: