Kirolak ezaugarritu du San Isidro jaietako lehenbiziko eguna. Arespalditzako jaiak asteburuan izango dira, eta egitarau oparoa prestatu dute. 9:30ean ekin diote festa egunari, Arespalditzako mendi ibilaldiarekin. Ordu erdi beranduago, 10:00etan, atera dira Arespalditza Trail lasterketako kideak. Antolatzaileek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, 120 lagun inguruk hartu dute parte bi ekitaldietan, "hirurogehina bakoitzean".
Frutos eta Isasi garaile
Emakumezkoen artean Zuriñe Frutosek irabazi du Arespalditza Traila, eta Iñaki Isasi gailendu da gizonezkoen artean. Binaka, aldiz, Garazi Artola eta Jon Larrinaga helmugaratu dira lehenbiziko postuan. Ondorengoa izan da podiuma eta sailkapen orokorra:
- IÑAKI ISASI
- MIKEL LOIZAGA
- JAGOBA ROBLES
Emakumezkoen kategorian:
- ZURIÑE FRUTOS
- MAIALEN SAEZ
Binakako lehiaketan:
- GARAZI ARTOLA-JON LARRINAGA
- PAULA MARCOS-KOLDO DIAZ
- SONIA DOMINGEZ-ANDONI MAYO
Herri eta harri kirolak
Herri kirolen txanda iritsi da ondoren, eta Bizindar Artziniegako elkartea zein Harriti nesken taldea aritu dira nor baino nor erakustaldi eta apustuak egiten. Trontzan, txingekin, fardo altxaketan, ingudearekin zein zokor bilketan ibili dira artziniegarrak. Jarraian, Harriti harri proba taldeak hartu dio lekukoa BIzindarri, 500 kiloko harria alderik alde mugituz. Harri probetako Bizkaiko emakume talde bakarra da Harriti, eta Arteatik hurbildu dira Aiaraldera. Orotara, 15 minutuko denboran 31 iltze eta 7 metro egin dituzte.
Eguerdian, berriz, herri bazkariaren txanda heldu da. Arratsaldean ere jarraituko du festak. Hain zuzen, Urrezko aizkora zein dantzaldia izango dituzte. Bihar, berriz, San Isidro azoka eguna ospatuko dute.