Aiaraldeko Euskararen Egunak Luiaondo hartuko du ekainaren 4an

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 24a, 21:00
Luiaondon euskaraz bizitzeko deia zabaldu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak. / Aiaraldea.eus

Aurreikusitakoa baino sei hilabete beranduago, pandemiaren eta eguraldi petralaren ondorioz, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak sustatutako jaiak Aiarako herririk jendetsuena beteko du euskarazko ekintzekin: kirola, musika, antzerkia, umeentzako jarduerak, bertsolaritza…

Euskaraktibatu Aiaraldea! leloarekin, eskualdeko euskalgintzak, Aiarako Udalak eta Aiarako Kuadrillak indarrak batuko dituzte ekainaren 4an Luiaondon euskara ardatz izango duen jaia antolatzeko.

Berez, egitaraua 11:00etan abiatuko da, baina giroa berotzeko oinez joatea proposatu dute Aretako Kultur Etxetik 9:00etan, Laudioko tren geltokitik 9:15ean, Faktoriatik 9:25ean eta Amurrioko Iparraldeko geltokitik 9:30ean. Bizikleta erabiltzea nahiago dutenek bi aukera izango dituzte joateko: 9:00etan Urduñako Foru plazatik abiatzea menditik joateko eta 10:00etan errepidetik egitea nahiago badute. Trenez garraiatzeko parada ere egongo da.

Ideia da 11:00etan Luaiondoko iparraldeko eta hegoaldeko sarreretan elkartzea eta ospakizunean buru-belarri sartzea. Izan ere, gune ugari eta eskaintza anitza prestatuko dituzte. Goizean saskibaloi eta futbito txapelketak, kultura azoka, umeentzako ekintzak (jolas zirkuitua, 0-3 urteko haurren gune gozoa, ginkana, puzgarriak, ohe elastikoa, betiko jolasak) eskainiko dituzte. Aiaraldea Komunikabideak ere bat egingo du egitasmoarekin, zuzeneko emisioa eskainiz.

Eguerdian Tabernaria: Instrukzioak botatzeko ondo kaña bat antzezlanaren bi saio egingo dituzte, 12:00etan eta 13:30ean. Patxo Telleria da ikuskizunaren gidoiaren egilea da eta Mikel Martinez aktorea protagonista. 12:00etan Euskararen Bila jolasa abiatuko dute eta 12:30ean ikastetxeetan antolatutako bideo laburren lehiaketako sariak banatuko dituzte. Gauza bera egingo dute 13:30ean, baina kirol txapelketetan parte hartu duten taldeekin.

Mezua eta dantza

Egitasmoa artikulatuko duen ekitaldia 13:00etan gauzatuko da. Bi elementu nagusik osatuko dute. Alde batetik, ekimenaren mezua. Bestetik, koreografiaren dantza, Izaskun del Cerroren parte hartzearekin.

Horren ostean, ekintzek astinduko dituzte berriro guneak. Esaterako, 13:30etatik 16:00ak arte herri bazkariaz gozatzeko tartea emango dute, 8 euroren truke.

16:00etan gazteentzako ihes gelaren hiru saioei emango diete hasiera eta 18:15ean bertso poteoari ekingo diote, Julen Zelaieta, Izar Mendiguren eta Sustrai Colinaren kantekin.

15:00etan kontzertuak hasiko dira. Lehenik eta behin, Ilargi folk-rock taldearen txanda helduko da. Gero Saltokan dantza plazak hartuko du oholtza 16:00etan, eta 18:15ean Muganek pop-folk doinuak jarriko ditu. 19:30ean Xsakara artistak trap musika eramango du Luiaondora eta 20:45ean Izatefaltsuak talde aiaraldearrak metal kontzertua eskainiko du. Musika eskaintza borobiltzeko, Nikotinak rapa, reggaea eta dance-halla nahastuko ditu 22:00etan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide