Asier Beraza kirolari arespalditzarra denboraldi bikaina osatzen ari da eta horren adibidea da igandean irabazitako Euskadiko Mountain Bike Txapelketa, kadete kategorian. Barakaldon izan zen proba eta Aiarakoa lehenengoa sartu zen helmugan.
Aiara Txirrindulari Elkarteko arduradunentzat emaitza ez zen izan ezustea. "Euskadiko Openaren liderra da, lasterketa guztiak irabazi ditu eta. Euskadiko Green Series-en ere oso ondo ibili da. Izan ere, parte hartu duen lasterketa guztietan garaipena lortu du, baina Aiarako Biran parte hartzea erabaki zuenez, proba batean ez zen egon eta horren erruz ez da sailkapeneko burua", argitu du Valentin Campok.
Eskuratutako garaipenek Espainiako Txapelketara eramago dute hurrengo astean, Euskadiko Selekzioko koloreak defendatzeko.
Dena den, Campok gogoratu du Beraza oso ondo moldatzen dela ere errepideko txirrindularitzan. Halaber, gogoratu beharra dago bere anai nagusiak, Mikel Berazak, ere aztarna utzi zuela Aiarako txirrindularitza taldean.