Atzo ospatu zen Zuhatzako Jaien lehen txanpa. Goizetik gauera arte luzatu zen eguna. 9:15ean egin zioten Pezukerari (jaietako pertsonaia den panpinari) ongi etorria, eta jarraian abiatu zen mendi martxa. Tokiko produktuekin osatutako otarra zozkatu zuten parte hartzaile guztien artean.
Ondoren, dozenaka bizilagun bildu ziren herri bazkarian, paella jateko. Haurrek ere izan zuten zertaz gozatu: puzgarriak izan zituzten egun osoan zehar, eta apar festa egon zen arratsaldean. Kiki pailazoaren emanaldia, aldiz, atzeratu behar izan zuten. Antolatzaileek jakinarazi dute laster iragarriko dutela ikuskizun horren data berria.
Gauean, aldiz, rantxera doinuak nagusitu ziren herrian, Puro Relajo talde ezaguna igo baitzen oholtzara, bertaratutako guztien gozamenerako.
Bihar, biharren txanpa
Bihar amaituko dira Zuhatzako Jaiak, atzokoa baino egitarau xumeagoarekin. 12:30ean meza egongo da, Itzalde abesbatzak lagunduta. 19:30ean, aldiz, Iñaki Otegik dantzan jarriko ditu herritarrak, erromerian. Zozketa egingo da jarraian, eta gaueko bederatzietanagurtuko dute Pezukera, datorren urtera arte.