Aurten zuri egokitu zaizu Luiaondoko Jaietako dama izatea. Nola hartu duzu ardura hori?
Nik banuen dama izateko gogoa, eta nahi hori adierazi nien nire familiari eta lagunei. Bozkaketa egin zenean, jende gehienak egin zuen nire alde eta oso ondo jaso nuen albistea, dama izateko gogo asko nituelako.
Zergatik nahi zenuen dama izan?
Festan duen garrantziagatik. Jende ezaguna izan da beti, eta bera arduratzen da jaietako sariak banatzeaz, besteak beste.
Zertan datza Luiaondoko Jaietako dama izatea?
Damaren funtzioak bi dira, batez ere. Alde batetik, bera arduratzen da jaietan egiten diren txapelketetan epaile lanak egiteaz eta sariak banatzeaz. Bestetik, pregoia irakurtzen du jaien hasieran, balkoitik, jende guztiaren aurrean.
"Dama izateak ere gehiago piztu dizkit jaietarako gogoak"
Baduzu pregoia prest?
Oraindik ez, pentsatu behar dut oraindik (atzo egin zen elkarrizketa).
Ostegun honetan hasiko dira jaiak. Zer asmo duzu datozen egunei begira?
Gogo gehiagorekin hartuko ditut aurtengo jaiak, bi urteko etenaldia izan dugulako pandemiaren ondorioz. Dama izateak ere gehiago piztu dizkit gogoak.
Nik normalean egun osoa ematen dut kalean, goizetik gauera arte.
Jai andana dago eskualdean udan, zerk egiten ditu Luiaondokoak berezi?
Ekintza asko daude, adin guztietara bideratuak. Jartzen den musika ere mundu guztiak du gogoko.
Zer nabarmenduko zenuke aurtengo jai-egitarautik?
Play Stationera jokatzea gustuko duten gazteentzat 'FIFA' torneoa antolatuko dute bihar, uztailak 22. Erromeriak eta DJak ere egongo dira, ostiral eta larunbatean, gaueko giroa gustuko dutenentzat.
Bolo jaurtiketak ere daude… gustu guztietarako ekintzak, esan dudan bezala.
Gaztedi berria kuadrillako kideon artean aukeratzen duzue dama nor izango den. Belaunaldi aldaketa eman da talde horretan?
Bai. Jende nagusi gehiena Dama izan da dagoeneko, eta orain gazteon txanda iritsi da.
Gazte asko zaudete Luiaondon?
Bai, bagaude gazte ugari.
Luiaondo ‘lo-herria’ dela esaten da sarritan. Zuk hala dela uste duzu?
Egia da apur bat ‘lo-herria’ badela, baina jaietako egunetan erabat aldatzen da giroa.