Zuhatzako baserri batean konponketak egiten ari zirela, langileek granada bat topatu zuten teilatu-hegalean. Objektua lehergailua zela konturatu bezain pronto, Ertzaintzari jakinarazi zioten eta poliziak Lehergailuak Ateratzeko Unitatea bidali zuen.
Kasu horietan aditua den unitateak granada hartu eta larre batean eragin zuten eztanda. Zuhatzako herritar batek aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari Ibaguenen egin zutela hori, baina poliziak ez du zehaztu.
Ertzaintzak adierazi du esku-hartze azkarra izan zela, eta granadaren jatorriari dagokionez, poliziak ez daki nola heldu zen baserrira, baina prentsa zerbitzuak azaldu du litekeena dela Gerra Zibilekoa izatea.
Okondon iaz pertsona bat larriki zauritu zen bere etxean zuen mota horretako lehergaiilu batek eztanda egin zuenean. Horrez gain, Aiaran bertan duela hiru urte gerra garaiko obusa zartatu zuen Ertzaintzak.
Eztanda egin ez duten Gerra Zibileko lehergailuen presentzia nabarmena izan da eskualdean, eta heriotzak eragitera iritsi dira iraganean.