Aiarako San Prudentzio Jaiak apirilean izango dira eta Udalak jadanik abiatu du kartel lehiaketa, irudiak egitarauan agertu daitezen. Azken eguna lanak aurkezteko hurrengo ostirala izango da eta bi kategoria egongo dira sariak jasotzeko. Alde batetik, heldu irabazleak 200 euroko txekea jasoko du eta haurrak, aldiz, 50 euroko txekea eskola materiala eskuratzeko.
Aurkeztutako lanak 80x60 zentimetrokoak izan beharko dira gehienez eta kolorez. Gai nagusia librea bada ere, San Prudentzio jaietara egon beharko da lotuta eta Ayala-Aiarako Jaiak 2023 lema jaso beharko dute, baita udal armarria ere.
Lanak sinatu barik aurkeztu beharko dira Aiarako Udaleko Luiaondoko bulegoan edota Etxaurren Ikastolan. Lanaren goiburua idatziko da atzeko aldean. Halaber, honako datu hauek jasoko dira lanarekin batera bidali behar den gutunazalean: gutunazalean bertan goiburua, eta barruan, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta aurkeztutako lanaren titulua.
Deialdiaren arau guztiak hemen irakur daitezke.