2022ko ekainean gutun bidez jakin zuten Añes, Lexartxu, Kostera, Erbi, Lanteno eta Erretes Lanteko administrazio batzarretako bizilagunek erreferentziazko ospitalea aldatuko zietela. Osakidetzaren berregituraketa baten ondorioz, Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzeta ESI barruan egotetik Barrualde-Galdakao ESIra igaro ziren. Horren ondorioz, euren erreferentziazko erietxea Gurutzeta (Barakaldo) izatetik Usansolokoa izatera igaro da, eta horrek herritarren irisgarritasunean zuzeneko eragina du, bai joan-etorrietarako behar duten denboragatik eta baita garraiobideen kalitateagatik ere.
Hori dela eta, ekainetik daramate administrazio batzar horietako bizilagunek erakunde publikoei eskaerak eta gutunak bide formaletatik bidaltzen, baina ez omen dute erantzunik jaso. Hori dela eta, iragan martxoaren 10ean mobilizazioa egin zuten Amurrioko osasun zentroaren aurrean eta ostiralero elkartzen jarraituko dutela iragarri dute, euren eskakizunak kontuan hartu arte.
Irisgarritasuna, kalitatearen bermea
Aiarako herritarrek salatzen dute kalitatezko osasun-zerbitzua bermatzeko irisgarritasuna ere kontuan hartu behar dela. Aiarako zenbait administrazio batzarretako bizilagunak Usansoloko ospitalera joan behar izateak ez du irizpide hori kontuan hartzen, euren iritziz.
Garraiobide publikoan Aiaratik Usansolora joateko kasurik okerrenean bi ordu behar izaten dituzte eta garraio pribatua erabiliz gero aparkatzeko arazoak izaten dituztela aipatu dute, askotan autoa ospitaletik urrun utzi behar izaten baitute. Horrez gain, gogorarazi dute erabiltzaile asko adinekoak direla eta mugitzeko arazoak dituztela.
Herritarrak Udalbatzarrean kexu
Joan den ostegunean, martxoaren 23an, kaltetutako herritar ugari Aiarako Udal Osoko Bilkurara joan ziren eta EAJri eskatu zioten euren aldarrikapenekin bat egitea eta mobilizazioak babestea, ordura arte “isilik” egon zela argudiatuta.
Aldiz, egun horretan bertan, Gentza Alamillo alkateak prentsan jakinarazi zuen Osakidetzari eskatu ziola Gurutzetako Ospitalea mantentzea kontzeju horietako biztanleen erreferentziazko gune gisa.
Aiarako EH Bildu eta Aiara Batuz talde politikoek oharra kaleratu zuten euren “harridura” erakusteko. Salatu dute Aiarako alkatea ez dela izan eskaera horren buru, kaltetutako biztanleak baizik. Gainera, EAJri leporatzen diote mobilizazioekin bat ez egitea. Gauzak hala, “babes handiagoa eta prentsan argazki gutxiago” exijitu dizkiote.
Gauzak hala, ostiraleko mobilizazioekin jarraitzeko beharra jarri dute oposizioko bi talde politikoek mahai gainean, ez baitira alkatearen “propagandaz" fio, ez bada ekintzez lagundua egoten.