Aiarako EH Bilduk oharra kaleratu du Olabezarren Energiaren Euskal Erakundeak eta Krean enpresak ezarri nahi duten parke fotovoltaikoaren prozesuaren inguruko iritzia emateko. Koalizio abertzaleak salatu du ez duela “inolako ezagutza ofizialik” jaso parkea eraikitzeko asmoari buruz eta taldeak dakiela, ez dagoela parkearen ezaugarriei buruzko dokumentu idatzirik.
Martxoaren 28an proiektuaren inguruko bilera informatiboa izan zuten Olabezargo herritarrek Krean enpresarekin, eta gaur bozkatuko dute bizilagunek eguzki-plakak jartzea onartzen duten ala ez.
Aiarako EH Bilduk, ordea, uste du bilera hura ez zela nahikoa izan eta ez direla informazioaren, parte hartzearen, eztabaidaren eta adostasuna lortzearen gutxieneko baldintzak betetzen herriarentzat eta eskualdearentzat garrantzitsua den erabaki hori hartzeko.
Horren aurrean, oposizioko taldeak prozesuaren gaineko kezka azaldu dio Aiarako alkateari eta formalki bilera bat eskatu dute udalerrian ordezkatuta dauden talde politikoen eta enpresa sustatzailearen artean, “ahalik eta informazio gehien biltzeko”.